Zapatuan, Gipuzkoako Eskuz Binakako Ohorezko Mailako txapela izango dute jokoan Soraluze Pilota Elkarteko Manex Balerdik eta Ander Muruak. Tolosako Beotibar jokatuko dute finala. 10:30ean hasita hirugarren partida izango da eta Lazkaoko Senarren eta Garmendiaren kontra jokatuko dute Soraluzeko ordezkariek.
Elkarren artean ezagunak dira bi bikoteak, ligaxkan birritan jokatu baitute elkarren kontra. Etxean, Muruak eta Balerdik irabazi zieten, 22 eta 17. Lazkon, berriz, hangoak izan ziren garaile, 22-20. Beraz, bi bikoteek antzerako maila erakutsi dute jokoan.
Paleta eta errendimendukoak
Bestalde, paletan, lehen fasean lehenengo geratu dira Soraluzeko pilotariak eta zapatu goizean, final-laurdenak jokatuko dituzte, partida bakarrera, Araneko kiroldegian. Gorka Santamaria eta Iurgi Rascon sailkatu dira final-laurdenerako baina azken hori min hartuta dago eta zalantza da partidarako. Donostiako Loiolatarrak elkarteko bikotea izango dute aurrez aurre.
Azkenik, bihar, barikua, errendimenduko lau partidak etxean jokatuko dituzte soraluzetarrek. 19:15etik hasita. Muguruzak Azkoitiako Zalduaren kontra, Ariznabarretak Orioko Sukiaren kontra, Nogalesek Segurako Alustizaren kontra eta Loiolak Segurako Apaolazaren kontra.