Bizkartzainekin ibili behar izan zuen Euskadiko PPko buruzagi ohi Arantza Quirogaren testigantza, torturak jasan zituzten Euskaldunon Egunkariko Martxelo Otamendiren zein Joan Mari Torrealdairen seme-alaben kontakizunak, ETAk bidalitako estortsio gutunak, GALen mehatxu gutunak, argazkiak, pegatinak, datuak… Halako eta bestelako materialez dago osatuta Hurrengoa zu / en la diana izenburua duen erakusketa.
Lau atal ditu:
- Kargu publikoen kontrako erasoak, mehatxuak eta dei anonimoak.
- Alderdi politikoetako egoitzen aurka egindako erasoak.
- Komunikabideen aurka egindako erasoak eta ekintzak.
- Estortsio ekonomikoa.
Erakusketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik Fundazioak sortutakoa da eta herrira Soraluzeko Udaleko Bizikidetza Mahaiaren eskutik iritsi da. Orain arte, Gipuzkoan, erakusketa ikusgai izango den bigarren udalerria da Soraluze, lehenago Donostian (Aieten) bakarrik egon baita, joan den otsailean.
Bisita gidaturako izen-ematea
Soraluzen, atzo inauguratu zuten eta azaroaren 25era bitartean egongo da zabalik, 18:30etik 20:00ak bitartean. Horrez aparte, datorren martitzenean, hilaren 14an, bisita gidatua egingo du erakusketako komisario Aintzane Gamizek; esandakoaren arabera, ordubete ingurukoa izango da eta interesa duen edozeinek parte har dezake. Hori bai, aldez aurretik izena eman beharra dago. Horretarako hiru bide daude: erakusketan bertan eman, udaletxeko telefonoan (943 75 30 43) edo HEMEN klikatuta.
Erakusketaren aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambra, Baketik Fundazioko ordezkari Maialen Lizarralde eta Soraluzeko Udal Gobernuko eta EAJko ordezkariak, besteak beste.
Transmisioa eta hausnarketa
Aurkezpenean azpimarratu zutenez, erakusketaren helburua da 1975etik 2011ra bitartean, Gipuzkoan “milaka eta milaka pertsonek” pairatu zuten motibazio politikoko jazarpen indarkeriari buruzko transmisioa egin eta gertatuko horri buruzko hausnarketa bultzatzea.
“Da indarkeria mota bat gure herrian eman izan dena urte luzean, oso-oso hedatua egon dena, baina seguru asko, gutxien hitz egin izan dena berari buruz”, esan zuen Ion Gambra Diputazioko ordezkariak. Hark gaineratu zuen pare bat urtez ibili direla erakusketari forma eman nahian eta zaila izan dela testigantzak lortzea, batik bat, askok ez dutelako bizipen horiek modu publikoan partekatu nahi.
“Hau bizi izan duen jendeak beldurra dauka, batez ere, estortsio ekonomikoa da demaseko tabua”, esplikatu zuen Baketik Fundazioko Maialen Lizarraldek.
Unai Larreategi alkateak, berriz, “udal ordezkarien partetik” eskerrak eman zien antolatzaileei erakusketa ekartzearren eta esan zuen “ahaleginduko” direla “aurrerantzean ere” euren “aletxoa” ipintzen “espazio konplikatu eta konplexua den horretan” eta egiten dituzten proposamenendako herrian “ateak zabalik” izango dituztela.