Pasa den barikuan, erakusketa inauguratu zuen Bingen de Pedro margolariak (Bergara, 1961) bi urteko etenaldiaren ostean, eta jendez lepo bete zuen Oreka Art galeria. Bestalde, atzo goizean bertaratu ziren Mari Jose Aranzasti arte historialaria (Euskal Herriko arte kritikari garrantzitsuenetakoa), Ainitze Txopitea artista (Daniel Txopitea margolari eta eskultore famatuaren alaba) eta Jose Zugasti eskultorea (datorren hilabeteko artista gonbidatua Oreka Art aretoan).
Errealismo geometrikoa da, ez abstrakzioa
De Pedrok berak barikuko aurkezpenean azaldu zuenez, "formatuan" oinarritzen da bere lana: mihiseak gainjartzen ditu, egur zatiak gehitu, koloreekin jolastu... Horrela, «efektu tridimentsionalak indartzea» bilatzen du eta «erakusketa "oso optikoak" egitea» du helburu.
Zenbaitetan kritikak bere lanak abstrakziotzat jo arren, bere estiloa errealismo geometrikoa dela azpimarratzen du: «Ez dut forma abstrakturik egiten, lan bakoitzean ageri dira zeruak, paisaiak, arkitektura-forma orokorrak... », eta bere obraren arrakastaren zergatia hortxe dagoela deritzo: «egunerokotasunean ikusten ditugun forma horietan dago gakoa, ikuslea obrarekin identifikatzen delako, instintiboki».
Erakusketa azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai, 19:00etatik 20:00etara, astegunetan.
Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.