Ixone Iñarra eta Alberto Arberas soraluzetar azkarrenak Antxintxika krosean

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 6a, 09:31

Zapatuan, 410 lasterkarik bat egin zuten Soraluzen, Antxintxika krosaren baitan. Etxaburueta kaletik hasi eta Bergarako Irala kaleraino, 10 kilometroko ibilbidean lehiatu zien handbikean, tetran, patinetan eta korrika, tartean, baita hainbat soraluzetar ere. Guztietan azkarrenak Garazi Korta gasteiztarra eta Ekain Larrea antzuolarra izan ziren. Soraluzetar azkarrenak, berriz, Ixone Iñarra eta Alberto Arberas izan ziren. Argazkiak: Imanol Soriano.

Zapatuan, Antxintxika krosaren 17. edizioa abiatu zen Etxaburuetatik. Lehiakide izan ziren 410 lasterkari, horietatik 113 emakumezkoak. Soraluzetarrei dagokienez, berriz, 17 herrikidek parte hartu zuten, horietatik 6 emakumezkoak izan ziren. 

Saridunak eta soraluzetar azkarrenak

Etxaburuetatik hasi eta bidegorritik zehar Bergarako Irala kalean zegoen helmugara bitarteko 10 kilometroak egin zituzten lasterkariek, modalitateka banatuta. Saridun izan ziren honakoak: handbike modalitatean Iñaki Igartua, Tetra kategorian Joseba Azkarate, patinetan Aitor Vacas eta Berezi Martinez eta korrika Garazi Korta eta Ekain Larrea. 

Azkenik, soraluzetar azkarrenak izan ziren Ixone Iñarra Aranburu, 42:45eko denbora eginez eta Alberto Arberas Agirrebeña, 31:37ko denbora eginez. Jone Alberdi kirol zinegotziak eman zizkien garaikurrak biei Bergaran. 

Segidan, lasterketaren bideoa HEMEN klikatuta ikusgai eta argazki galeria HEMEN klikatuta ikusgai, Goiena Komunikazio Taldeak egindako jarraipenari esker.