Aurkeztu dute Blues Hotsak jaialdiaren egitaraua eta aurten ere, azaroan zehar, musika beltzaren inguruko kontzertuz eta ekitaldiz beteko da Soraluze. Ubane Uzin Errabal Jazz elkarteko kidearen esanetan, aurtengo edizioan ere egitarau "erakargarri eta orekatua" osatzea lortu dute, "nazioarteko proiekzioa duten artisten emanaldiak eta hurbilagokoak uztartuz". Bereziki, nabarmendu du Depedro musikariaren presentzia: "Mirari txiki bat da nazioarteko maila duen musikaria gure herrira ekarri ahal izatea baina lortu dugu, horren ezagun egin aurretik berarekin izan genuen erlazioari esker".
Horrez gain, azaroaren 10ean, edizioari hasiera emango dion Belar Hostoak emanaldia ere aipatu du: "Txomin Artola oso pertsona inportantea izan da euskal musikaren barruan eta emanaldi honek bere kantak berdeskubritzeko aukera eskaintzen du".
Ikutu anglosajoi eta amerikarra ez da faltako. Alde batetik, jaialdian errepikatuko duen Gisele Jackson afroamerikarrak bigarrenez parte hartuko du jaialdian eta bestetik Amy Winehouse-ri buruzko filma eta Amythology emanaldiek kantari estatubatuaren mitikoaren bizitza eta kantak gozatzeko aukera emango dute. Gainera, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Rory Gallagher gitarrista irlandarraren gaineko liburua aurkeztuko du.
Bestalde, azken urteetan egin den bezala, Soraluzeko Musika Eskolako konboek ere euren tartea izango dute jaialdiaren barruan.
Nobedade gisa, aurten, antolatzaileek haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ordainpeko kontzertuetan eta hala, kontzertuak iraun duen bitartean, umeek Ludotekan jolasteko aukera izango dute dute Kukumixoko hezitzaileen zaintzapean.
Blues Hotsak jaialdiko egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.