Albistea hainbat hedabidetan zabaldu da, hala nola (D.V 23-10-28) edo Plaentxia.eus atarian zein Pil-pilean aldizkarian (23/10/26 eta 27). Bi urtez zain egon ondoren, zenbait mediotan pertsonalismoz kargatuta egon den debatea tarteko, Prozesuaren gaineko berria interesgarri bilakatu da.
Berria irakurri ondoren, alkateak prozesuari buruz egindako aurkezpenak apur bat sorpresaz hartu ninduen. “Presei eta ibaiari buruzko eztabaida behar den beste luzatuko da”, esan zuen alkateak. Baina 2023ko azaroaren 30ean erabakiko da presak bota ala ez, hori da Gipuzkoako Diputazioak eman duen data Udalak Merlin Proiektuaren aldeko edo kontrako iritzia emateko.
Orain arte Merlin Proiektuari buruz dakiguna da planteatzen duela 15 metro inguruko eskotadura egin bi presatan (Olabarrena eta Igarate edo Malmero) eta presaren % 50 kentzea hirugarren baten (Olaldean), presen gainerako zatiak mantenuz hiru kasuetan eta erabat kendu laugarren bat (Zuloagako Tutua).
Parte-hartze Prozesua amaiera-datarik gabe planteatzea, baina zati funtsezko batek azaroaren 30eko data finkatuta izatea, presak eraistea erabaki beharrak, adibidez, ez dirudi Soraluzeko herriak nahiago duen "ibai-eremuari" buruzko eztabaida errazten duenik. Badirudi dela ”Eskuak garbitu, zikindu gabe”.
Logikoagoa dirudi parte-hartze prozesuaren amaierara arte itxarotea; bertan, Ibai-espazioaren antolamenduari buruz egingo da berba: ibai garbiketa, zubiak, presak diren kultura-ondarea, naturalizazioa, biodibertsitatea, ibaiaren prozesuak eta ondorioak, ibaiari eragiten dioten hirigintza-proiektuekin batera.
Horrek irudiko luke parte-hartze prozesua, herritarrak udalerriko antolamendu-ekimenetan inplikatzea dakarren prozesua. Bestela, erabakia data finkatu baten arabera hartu beharrak modu nabarmenean baldintzatuko du Soraluzeren etorkizunerako plangintza eta erabakia.
Azaroaren 30ean presak eraisteko edo ez eraisteko balizko erabakia hartzeari buruz:
- Foru Aldundiaren edo bestelako erakunderen baten iritziak badu eraginik Merlin Proiektua ahalik eta bizkorren ixtea erabaki behar horretan?
- Nori egiten dio mesede erabakia arinegi hartzeak?
- Zertan datza ibai-espazioan parte hartzea, espazio hori dagoeneko baldintzatuta baldin badago?
- Kontuan hartuko al litzateke erreferendum eskaera, egindako sinadura bilketa oinarri hartuta?