Aste honetako astelehenean, ia 15 lagun elkartu ziren Gaztetxean Azaroaren 30erako deituta dagoen Greba Orokor Feminista lantzeko asmoz. Bertan izan ziren herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak, etxez etxeko zerbitzuetakoak, garbiketa alorreko ordezkariak, sindikatuetakoak eta Mesedeetako Egoitzako ordezkariak.
Soldatak, baldintzak…
Besteak beste, Soraluzen, grebaren eta haren helburuen berri emateko bideak aztertu zituzten eta grebara begira emakumeei gehien eragiten dieten esparruen artean zeintzuk landu mahai gaineratu zuten, beti ere, grebak ardatz duen zaintzaren gaia erdigunean jarrita. Adibidez, zenbait lan esparrutan emakumeen eta gizonezkoen artean ematen den soldata arrakala hizpide izan zuten eta baita ere, zenbait lan feminizatuetan izaten diren baldintza kaskarrak.
Horrekin batera, adostu zuten azaroaren 30era bitartean, astelehenero elkartuko direla Gaztetxean, eta, jakinarazi zuten ateak zabalik dituztela parte hartu nahi duten emakume zein gizon guztiendako. 18:30ean elkartuko dira.