Zapatuan, Azitain Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleen eskutik eskainiko den dastaketa 12:00etatik 14:00etara bitartean izango da, Azitainen bertan. Debabarreneko sukaldari belaunaldi berriaren sorkuntzak dastatzeko aukera izango da bertan, baita soraluzetar gazteena ere. Aitziber Cortazar Debegesako Turismo saileko arduradunak azpimarratutako moduan, “eurak dira etorkizuna” eskualdeko gastronomiaren inguruan.
Dastaketa egiteaz gain, zentroa ezagutzeko aukera ere egongo da eta musika jarriko dute eguerdia girotzeko. 40 lagun ingururentzako tokia egongo da eta izena emateko 943 82 01 10 telefonora deitu edo turismoa@debegesa.eus helbidera idatzi behar da; bihar, barikua, da azkeneko eguna, 09:00etatik 15:00etara. Izen ematea doakoa da eta lau izen emate egin daitezke pertsonako.