Debabarrena

Txurruka jatetxeak parte hartuko du 'Tripontziak' ekimen gastronomikoaren 10. urteurrenean

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 08:00

Bost jatetxeetako sukaldariak, tartean, Jurdana Laskurain plazentziatarra.

Azaroaren 3tik 26ra, Debabarrena eskualdeak Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamargarren urteurrena ospatuko du, Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatuta. Aurtengo edizioan bost jatetxek parte hartuko dute: Soraluzeko Txurrukak, Eibarko Baratze Gourmet-ek, Elgoibarko Belaustegik, Ermuko Mendiolak eta Mutrikuko Pikuak. Ikus informazio eta egitarau osoa Debabarrena Turismo webgunean

Hamargarren edizio honi hasiera berezia eman nahi izan zioten antolatzaileek eta, horretarako, eguazten arratsaldean dastaketa berezia egin zuten Eibarko Errebal Plazan. Bertan, ekimenean parte hartuko duten jatetxeko sukaldariek Tripontziak menuko mokadutxo bana prestatu zuten eta egindako elaborazioak azaldu zituzten. Gainera, ardo eta txakolin ekoizleak ere bertan izan ziren eta menuekin batera eskainiko dituzten edarien inguruko xehetasunen berri eman zuten.

Aurten, Soraluzeko Txurruka, Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola eta Mutrikuko Pikua jatetxeek parte hartuko dute ekimenean eta sasoiko eta tokiko produktuekin prestatutako menuak eskainiko dituzte.  

Menuak kontsultagai

Menuak 35 eurokoak dira eta barne hartzen dute aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa menuan sartzen dira eta aurten, berrikuntza gisa, jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute: Garcia Olano upategiko ardo zuria eta Aimarez upategiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, Ehun ardo ondua eta Sagarmiña txakolina ere gozatu ahal izango da.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta daiteke eta, menua jatera animatuz gero, beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea, adierazizTripontziak Menua dastatu nahi dela.

Zozketa, bisita gastromiko eta kulturalak

Aurreko urteetan bezala, aurten ere zozketa egingo dute. Parte hartzeko, Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko da bost jatetxeetako batean, datuak bete eta establezimenduan bertan entregatu. Parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dituzte.

Bestalde, aurreko urteko arrakasta ikusita, Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean (azaroaren 3tik 26ra), egunetan, bisita gidatu kulturalak eskainiko dituzte bailarako hiru lekutan: Mutrikuko Arrietakua Jauregian, Eibarko Armagintzaren Museoan eta Debako Santa Maria Elizan.

Zapatu goizetan, berriz, bisita gastronomikoak egiteko aukera eskainiko dute, besteak beste: Chocolates de Mendaro-ra, Goienetxe gaztandegira, Lizagasar Sagartoki sagardotegira edota Lasturko Taloak ekimenera. Azaldu dutenez, bisita horietan bertako produktuak nola egiten dituzten ikusi eta dastatzeko aukera eskainiko dute. 

Izen-ematea zabalik

Bisita gastronomiko zein kuturaletan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Horretarako, Debegesara (943 82 01 10) deitu beharko da, astelehenetik barixakura, 09:00etatik 15:00etara bitartean edo, bestela, mezua bidali turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dira, plazak agortu arte. Bisitei buruzko informazio guztia debabarrenaturismo.com webgunean dago eskuragarri.