Herriko hainbat eragilek bat egin dute "euskararen aurkako oldarraldia" salatzeko manifestazioarekin

Egoitz Unamuno 2023ko urr. 31a, 09:36

Herriko eragileen ordezkariak astelehen arratsaldean egin zuten agerraldian.

Herriko hainbat eragilek bat egin dute azaroaren 4an (zapatuan) Bilbon egingo den manifestazioarekin eta bertan parte hartzeko deia egin dute. Pil-pileanek autobusa antolatu du Soraluzetik eta izen-ematea gaur (martitzena) itxiko da. 

Atzo, herriko hainbat eragiletako ordezkariak batu ziren zapatuko mobilizioarekin bat egin eta plazentziatarrei bertan parte hartzera dei egiteko. Soraluzen, besteak beste, AEK-k, Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteek, Haurreskolak, Soraluze BHI Institutuak, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak eta Soraluzeko Udalak bat egin dute deialdiarekin.

Herriko eragileen ordezkariek “kezka” agertu dute euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegiek ematen diharduten sententzia sortagatik eta horren aurrean, bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, azaroaren 4an, Oldarraldiaren Aurrean, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean Bilbon egingo den manifestazioarekin.

Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik eta aspaldian hizkuntzaren auziari loturik egin den manifestaziorik handiena izatea espero da.

Autobusean izena emateko azken eguna

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak autobusa antolatu du Soraluzetik eta dagoeneko 26 herritarrek eman dute izena. Gaur, martitzena, amaituko da izena emateko epea. 

Izena emateko bi bide daude:
  • Online: Formularioa beteta.
  • Offline: Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartera deituta (943751304) edo bertaratuta.  

Herriko autobusa 15:25ean irtengo da Zubi Nagusiko geltokitik. Txartelaren prezioa 10 eurokoa da (5 euro 18 urtetik beherakoendako eta bazkideendako). Ordaindu autobusean bertan egingo da.