Peruko zein lekutakoak bai baina nongoak zarete zehazki?
Gu kostakoak gara, hegoaldekoak, hondartza ondokoak. Lima hiriburutik bi ordura dagoen Lurin distritukoak. Nire amona mendialdetik joan zen kostaldera hamalau urterekin -bera da gure familian kitxua berba egiten duen pertsona bakarra, guri ez digu erakutsi-. Lurinen nekazaritza dago, industria eta turismoa ere bai.
Noiz etorri zineten Soraluzera?
Lehenik, neu (Kathya) etorri nintzen, 2017an, senarrarengana. Bera lehenago etorri zen, ama hemen zuelako. Bi urte egin nituen Eibarren eta ondoren etorri ginen Soraluzera, hemen erosteko moduko etxe bat aurkitu genuelako Ezozibidean. Parkea, bide laua eskolaraino, lasaia… Hasieratik gustatu zitzaigun eta oso gustura bizi gara hemen.
2022an ekarri nituen ama eta ahizpa, eta aurten aita. Han gelditu dira nire aitita-amamak, osabak eta lehengusuak. Nahiko genuke haiek ere ekartzea. Hau beste bizimodu bat da.
Zer diferentzia sumatzen duzue hango bizimodutik hemengora?
Hemengo bizimodua lasaiagoa da. Lurinen enpresa asko dago eta pertsonen mugimendu handia. Jende asko ari da etortzen inguruko lurraldeetatik: mendietatik, oihanetik eta Lima hiriburutik, Kolonbiatik, Venezuelatik... lanera. Duela hamar urtetik hona, dena aldatu da, industriak ezarri direnetik. Aurretik lasai bizi ginen. Ni (Soledad) gaztea nintzenean, denok ezagutzen genuen elkar eta ez zegoen horrelako arazorik. Orain indarkeria handia dago. Neskatilek ezin dute kalean bakarrik ibili, oso arriskutsua da. Desagertu egiten dira. Han beldurrez bizi ginen.
Batez ere, horregatik etorri ginen. Pentsa, hona heldu ginenean, hasieran alaba gazteari ez nion etxetik ateratzen lagatzen. Gero, poliki-poliki, konturatu naiz hemengo egoera ez dela hangoa. Orain, batzuetan, neu ateratzen naiz gauez paseatzera, lasaitasunaz gozatzera.
Lanean ere, han dena ekoiztea, ekoiztea eta ekoiztea. Hemengo enpresek gehiago begiratzen diote pertsonen ongizateari, hangoek ez. Han lanaldiak hamabi ordukoak dira eta segurtasun neurririk gabe. Ni (Soledad) oraindik ere harritu egiten naiz hemen nire suhia zortzi ordu egin eta etxera bueltatzen denean…
Osasun arloan ere berdin, han hiltzear egon behar duzu larrialdietan artatu zaitzaten, bestela, ezer ez.
Lurinek badu beste alderdi bat ere, turistikoa.
Bai, Lurinek hondartza dauka eta udako etxe asko dago. Gastronomia aberatsa du, batez ere, arrainaren inguruan, ‘itsasotik platerera!’ esaten dugu. Horrez gain, jaialdi eta azoka asko egiten dira. Guk janaria prestatzen genuen eta saldu. Han ohitura da domeketan eta ospakizunetan txitxarroia (txerrikia) eta tamalak (artoz egindako jakia) jatea. Aitonak jarraitzen du txitxarroia saltzen. Oso sukaldari ona da. Nik (Soledad) sukalderako gogo hori jaso dut eta alabari ere (Kathyari) pasatu diot.
Gustatuko litzaizueke hemen ere sukaldaritzatik bizitzea?
Bai. Hain zuzen, horixe da gure helburua. Nire senarrak (Kathya) robotika arloan lan egiten du, baina niri eta amari gustatuko litzaiguke sukaldaritzan lan egitea. Nik (Kathya) gozogintza ikasten dihardut Armerian eta sukaldeko zuzendaritza Leioako ostalaritza eskolan, EHUn. Gustatuko litzaiguke etorkizunean lokaltxo bat bilatu eta janari perutarra eskaintzea. Oraingoz, begiratu ditugun lokalak oso garestiak dira. Karretatxoarekin atera beharko dugu kalera… (Barreak).
Zorte on!
Eskerrik askoo!