Sorako Gorengo mailako taldeak ez du ez galdu, ez berdindu, etxean jokatutako partidu bat bera ere ez eta, herenegun, garaipena lortu zuen berriz ere Ezoziko futbol zelaian, Danenak K.E. taldearen kontrako norgehiagokan.
2-1 irabazi zuen Sorak
Partidu hasieran baloiaren jabetza izan arren ez zuen apenas jaurtiketarik egitea lortu Sorak eta, lehen zatiaren amaiera aldera, zizurkildarrek egin zuten partiduko lehen gola. Atsedenaldiaren txistua jotzear zela, Jon Ander Reciok berdindu zuen markagailua, Beñat Goenagaren orpoz jotako pasea jaso ostean.
Bigarren zati hasieran, Iker Urkiri erdilariak buruz jotako gola baliogabetu zuen epaileak —jokoz kanpokoa izan zela adierazita— eta txartel horia jaso zuen Mikel Cid Sorako entrenatzaileak, arbitroari «desadostasun keinuak» egiteagatik.
Partiduaren bi herenak jokatuta, Bienvenue Biokou Bio aurrelaria zelairatu eta, hainbat saiakera bikain egin ostean, Soraren azken gola lortu zuen, Goenagaren beste asistentzia batekin eta baloia atezainaren hanka artetik bidaliz sarera.
Ikus Sorako talde guztien emaitzak eta sailkapena, Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.