Asteleheneko elkarretaratzean, hiru puntu izan zituzten hizpide pentsiodunen mugimenduko kideek.
Batetik oso modu positiboan baloratu zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen III. Batzarra. 130 emakumek parte hartu zutela aditzera eman zuten eta besteak beste, esan zuten azaroaren 30ean egingo den zainketen greba feminista orokorra buru-belarri babesten dutela.
Bestetik, 2024ko aurrekontuei begira, Hego Euskal Herriko agintariei eskatu zieten 1.080 euroko pentsioa lortzeko osagarria tokian tokiko gobernuek jar dezatela. Gogora ekarri zuten aurreikuspenen arabera, arabera, foru-ogasunek 18.102 milioi euro bilduko dituztela eta ekarpen nagusia Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak eta BEZ Balio Erantsiaren gaineko Zergak ematen dutela, “batez ere langileek, pentsiodunok eta gainerako herri-sektoreek ordaintzen dugunagatik sostengatzen baitira”.
Hori horrela eta kontuan hartuta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa osatzeko behar dena aurrekontuen %2a besterik ez dela, pentsiodunen mugimenduaren ustez, “zaila da azaltzen, eta are gutxiago justifikatzen, Urkulluren gobernuak, Chiviterenak bezala, eskari hori ez onartzea, orain, atzerapenik gabe”.
Azkenik, eta bestelako gaietara pasatuz, babesa erakutsi zioten azaroaren 4an Bilbon euskararen alde Oldarraldi judizialaren aurka egingo den manifestazioari. Azaldu zuten “adinekoentzat eta pentsiodunentzat”, ez direla “arrotzak euskaraz hitz egiteko debekuak, ez eta oztopo judizialak edo gure euskalduntzerako eta Euskal Herriko ekoizpen- eta enpresa-sarerako beharrezkoak diren baliabide publikoen gabezia ere”. Gaineratu zutenez, “euskara ez da kostua, balio erantsia da gure gizarte- eta lan harremanetan, eta horrela ulertu beharko lukete administrazio guztiek, baita judizialak ere".