Betikotasunak (halakorik bada, behintzat) erosotasunera eruaten dau pertsonia: beti-betikuak ez gaittu aztoratzen, eroso gaoz normaltasunian. Aldaketiak, aldiz, sarri izutzen gaittu ta ez dogu nahi izaten aldatzerik. Hala ta be, aldaketa danek dauke onetik zein txarretik: zeozer negatibua ta zeozer positibua. Horrek balantza baten jarri ta balantza hori noruntz makurtzen dan arabera hartu biharko genduke aldaketa horren inguruko erabakixa, beti be aldebiko ondorixuak ekarriko doskuzela ahaztu barik. Horretara, alde onak ta txarrak zein diran ta horrek zenbateko pisua dauken izan biharko litzake ibaixan gai honetan eztabaidia, ez horrenbeste zeinek proposatu daben aldaketia, prozesua zelakua izan dan, honek edo harek esan dabena ta ez dabena…
Eztabaida burura ekarritta, bailara barrenetik bistia altzau ta mendigañera begira jarriz gero, aerosorgailuen proiektua etortzen jata burura. Aspaldixan ez dot ezebe entzun horren inguruan, eta, geratuko balebe, ni pozik. Halanda guztiz be, bidezkua begittantzen jata proiektu horri buruz eztabaidatzia. Gaur egungo bizimodurako biharrezkua dogu indarra, ta zenbat hobe indar hori eskuratzen ez badogu kutsadurarik sortzen ta gertuan sortutakua bada, beste iñon menpe egon barik. Horregaitxik, eztabaidatuko neuke ia gure mendigaña lekurik aproposena dan gailu erraldoi horrek jartzeko edo ez; ia merezi daben eragingo daben hondamendixak ta kaltiak, sortuko daben indarran ta onuren aldian; ia zenbateraino babestu bihar dogun natura edo zenbateraino aldatu biharko gendukeen gure gizarte eredua. Eztabaidatu leike horri danari buruz ta beste hainbeste konturi buruz, nere gai horrekiko ezjakintasunian usaindu be egitten ez dittudan korapilo ta kalamatrika milari buruz. Baina, funtsean, eztabaidia hauxe da: merezi dau natura/ingurua/paisajia kaltetzia (seguruenik, atzera buelta barik) gure biharrak asetzeko proiekturen bat egiteko? Horra basatza, ur haunditan sartu nahi dabenandako.
Beste gai bat da hori. Hori ibaiko presen gaira ekarritxa, ostera, ez dot eztabaidarako zirrikiturik be ikusten. Nonoiz, oso aspaldi, ibaixan bide naturala eteteko biharra sortu zan, industriak martxan jartzeko indarra bihar zutelako, oker ez banago. Orduan, lehen aitxatu doten eztabaidia bidezkua izan zan momenturen baten. Merezi ete zeban presia eraiki ta urak milaka urtetan eindako bidia gizakian biharrak asetzeko aldatzia? Bai, antza, halan egin zeben eta. Gaur egun, ostera, bihar hori desagertu da, ta betiko desagertu dala begitantzen jata. Orduan, ibaiko presok hor segitzia, zeozertarako balio izango balebe moduan, ez da zentzuzkua. Gizakixok ibaixari aldatu eragin zotsagun, zeozer lortzeko; ta bidezkuena pentsatzen jata zer hori lortu ostian, ibaixari ta naturari zor dotsagun errespetuagaitxik, gure esku dagoen dana egittia ibaixa hasierako egoerara bueltatzeko. Ta uste horretan presak eraitsita egon biharko lirake aspaldi, erabiltziari laga zotsagunian, hain zuzen be. Ez dot konprenditzen zelan euki leiken balio gehiaxu gure irudi, ohittura edo betikotasunak, berez ta betidanik bere bidia ein daben ibaixak baino. Hori dana esanda, iñuzentia litzake pentsatzia presak eraiste hutsaz ibaixa bere baittara bueltauko danik, hori ez da ta hala izango; kontrakua be eziñezkua da, baiña: presok bere horretan lagatzia traba da ta izango da ibaixa berreskuratzeko, ezinbestian. Ez dogu lortuko ibai naturalagorik presak lagata presak kenduta baño. Ta beldurra bada ur potzuak desagertuta plastiko ta zikinkerixa asko bistaratuko dala, fokua beste nonon dago: gu geu gara horrek zikiñon jaurtitzaille, ez beste iñor.
Bistan geratzen dabil, gizakixon norberekerixak ez daukala mugarik, herri mailan ez, behintzat. Mila urte igarota be, ura bere bidean, omen.