GREBA SEKTORE PUBLIKOAN

Bihar, grebarekin bat egingo dute Soraluzeko hainbat zerbitzuk

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 24a, 11:42

Udaletxeko harrera zerbitzua.

Gaur eta bihar, greba egunak daude deituta arlo publikoan; gaur, martitzena, besteak beste, hezkuntza publikoan dago deituta eta bihar, berriz, sektore publiko orokorrean. Soraluzeko zerbitzu publikoetan galdetuta, besteak beste, grebak eragina izango du Udaletxeko Harrera zerbitzuan eta Institutuan. Ez du eraginik izango, berriz, kiroldegian eta anbulatorioan. 

Hezkuntza publikoko gaurko greba Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, hezkuntza berezian, sukaldaritzan eta garbiketan. LABek, berriz, ez du babestu, indarrak hurrengo greba deialdietara (biharkora, azaroaren 30ekora eta abenduaren 19kora) bideratu nahian.  

Soraluzeko ikastetxeen kasuan, gaurko grebak Plaentxi Eskolan “eragin baxua” izaten ari du eta Soraluze BHI Institutuan, berriz, “irakaslearen portzentai txiki batek egingo du greba eta eskolaren funtzionamenduak ez du aldaketa handirik izango”. 

"Zerbitzu publikoen kalitateak okerrera"

Biharko greba eguna, berriz, zerbitzu publiko osorako dago deituta. Kasu honetan, Steilas, ELA, LAB, ESK, SATSE eta CCOO sindikatuek deitu dute. Salatzen dutenez, “azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean”. 

Eskakizunak, honako hauek, besteak beste.

  • Hitzarmen kolektiboak.
  • Behin-behinekotasunarekin amaitzea.
  • Zerbitzuak ez pribatizatzea, azpikontratazioarekin amaitzeko.
  • Lan-baldintzak hobetzea orokorrean, eta, bereziki, oso feminizatuta dauden eremuetan. Honako egoerak salatu dituzte, besteak beste: murrizketak, plantilla urriak, plantillen osasun fisikoari eta emozionalari kalte egiten dioten antolaketa-neurriak eta -erabakiak, besteak beste; lan-kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi-erreleboaren planifikaziorik eza, osasun-zainketen konplexutasunaren gorakada, egonkortasunik eza, kontziliazio-neurriei heltzeko zailtasunak, ikasleen eta artatu beharreko biztanleen gero eta aniztasun handiagoa, desberdintasun sozialak sortzen dituzten politikak-.
  • Administrazioko langileak “benetan euskalduntzeko” plangintza eta baliabideak.

Erakundeetan superabita

Sindikatuek gaineratutakoaren arabera, zerbitzu publikoek pandemian erakutsi zuten narriadura egoera konpondu beharrean, “euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dute mozkin pribatuak gizentzeko”. Hori horrela, sindikatuek egoera “lehengoratzeko” eskatu diete erakundeei eta alderdi politikoei.

Soraluzen bihar zer

Soraluzeko zerbitzu publikoetan galdetuta, zerbitzu batzuetan igarriko da grebaren eragina, baina beste batzuetan ez.

  • Udaletxeko Harrera zerbitzua itxita izango da.
  • Soraluze BHI Institutuan, “irakasleriaren portzentai handi batek bat egingo du greba deialdiarekin eta zerbitzu minimoak zaintzen bitartez bideratuko dira. Jangelak normaltasunez funtzionatuko du”.
  • Plaentxi Eskolak jakinarazi du biharko deialdiak ere “eragin baxua” izango duela.
  • Arane kiroldegiak normal funtzionatuko du.
  • Anbulatorioa zabalik izango da, baina ohi baino langile gutxiagorekin dabil lanean.
  • Udaltzaingoa zabalik izango da.