Atzoko norgehiagokan, bana berdinduta, puntu bat irabazita bukatu zuen Sorak Zumaiakoren kontrako partida. Beti da positiboa punturen bat lortzea, baina atzokoan pena izan zen Sorak gehiago eskuratu ez izana, horretarako aukera izan baitzuen.
Izan ere, Zumaiako taldea bi jokalari gutxiagorekin ibili zen partidako azken minutuetan. 73. minutuan galdu zuen jokalarietako bat, epaileak bigarren txartel horia atera ziolako eta 89. minutuan galdu zuen bigarren jokalaria, arrazoi berarengatik. Guztira, zortzi txartel hori ikusi zituen Zumaiakok (bi bikoitz) eta bi, berriz, Sorak.
Kontuak kontu, atzokoan, Zumaiako aurreratu zen markagailuan, 55. minutuan gola sartuta. Sorak, berriz, 78. minutuan sareratu zuen berea, Bienvenue Bioren eskutik.
Aurkari zuzena
Banakoa eginda, asteburu honetan, etxean jokatzea tokatzen zaio Sorari -oraindik ez dute zehaztu eguna-. Zazpigarren jardunaldia izango da honakoa eta orain arte, etxean jokatu dituen partida guztiak irabazi egin ditu Sorak. Hori horrela, garrantzitsua litzateke asteburu honetakoa ere irabaztea, aurkari izango duen Danena taldea Sorarekiko puntu bakarrera baitago sailkapen orokorrean, atzetik. Sorak hiru puntuak poltsikoratuz gero, ziurtatu egingo luke sailkapeneko aurrenengo postuetan segitzea.
Ikus Sorako talde guztien emaitzak eta sailkapena, Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.