Urtero moduan, Errigorak Nafar Hegoaldeko produktuz betetako saskiak saltzeko kanpaina jarri du martxan eta Soraluzen ere saskiak eskatzeko aukera izango da. Aurten saski bakarra izango da, 50 eurokoa eta produktu ekolologiko zein konbentzionalak jasoko ditu barruan. Zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat, gehi beste lau produktu ausaz aukeratuak. Informazio zehatza eta eskariak egiteko aukera www.errigora.eus webgunean izango da.
Saskiak azaroaren 9ra bitartean eskatu ahalko dira eta azaroaren 24an jaso ahalko dira Soraluzen bertan, ohikoa den moduan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean, Gaztetxean.
Errigorako antolakuntzak azpimarratu nahi du saski bakoitzaren balioaren %25 Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzara bideratzen dela. Hala, hamar urteotan Errigorak tokiko ekoizpena bultzatzeaz gain, bertako euskalgintzari ere laguntza handia eman dio, izan ere, 1.800.000 euro bideratu baitizkio.
Zozketa: Hiru saski eta bisita Nafarroako upategi batera
Hamargarren urteurrena dela eta, Errigorak eta Plaentxia.eus-ek zozketa berezia jarri dute martxan; hiru saski eta ardo ekologikoak ekoizten dituen Lezaun upategirako (Lakar, Nafarroa) bisita eta bazkaria zozkatuko ditu irakurleen artean (Upategirako bisita otsailaren 25ean egingo da). Azaroaren 1era arteko epea dago zozketan parte hartzeko; eman izena HEMEN.