Jakitzeko modukua

Azeria bidegorrian

Ander Gomez 2023ko urr. 19a, 14:30
Iturria: @riadenoia

Hilzorian zegoen azeria aurkitu zuten paseoan zebiltzan hainbat herritarrek, Osintxurako bidean. Larri omen zegoen eta, animaliaren egoera ikusita, akabatzea erabaki zuten.

Barruan argibideak basa animalia aurkitutakoan zuzen jokatzeko. 

Herenegun, azeri bat aurkitu zuten bidegorrian, Carmelo Mendizabal pasata eta Zuloaga presa parean, bide baztarrean botata.

Gerturatutako herritarren esanetan hilzorian zegoen, «dardarka, intzirika eta haragi-euliz estalita». Ez omen zuen begi bistako zauririk, baina animaliaren egoera lazgarria ikusita «haren sufrimenduarekin amaitu nahian» akabatzea erabaki zuten, inguruko harritzar bat hartuta.

Bart pasatu zen Ertzaintza gorpuzkia batzera.


Azeria aurkitu zuten puntua, Osintxurako bidegorrian.

 

Zer egin halako kasuetan

Hildako edo zauritutako txakurrez eta katuez txakurtegiak arduratzen dira; bestelako edozein animalia basatiren ardura tokiko basozain, erakunde edo poliziarena da.

Bidegorriko azeriarena bezalako kasu batekin topo eginez gero, Udaltzaingotik gomendatzen dute beraiei, ertzainei edo zuzenean 112 telefonora deitzea —azken hauek «edozein larrialdiri erantzuna emateko daudelako», eta kasu honetan, abisua bideratuko lukete erakunde egokienari—. Hauetxek ailegatu bitartean, garrantzizkoa da animalia bere horretan lagatzea, jaten ez ematea eta segurtasun-tartea mantentzea.

Animalia azkenetan eta sufritzen egon arren, ez da "errukiz" akabatu behar. Basozainen lana izango da animaliaren egoeraren zergatia aztertzea: «Izurrite batek eraginda edo pozoitze baten ondorioz izan daiteke, adibidez, eta hori ikertu beharra dago; ez bakarrik animaliaren osasunari begira, baizik eta ekosistema bere osotasunean babestu nahi bada».