Atzo iluntzean, Palestinan gertatzen ari dena salatzeko elkarretaratze isilean bat egin zuten 110 herritar baino gehiagok, Sortuk deituta.
Bandera palestinarrak zein kartelak eskuetan, haien bitartez salatu zuten gertatzen ari dena ez dela gerra bat genozidio bat baizik, Palestinaren askatasuna aldarrikatu zuten eta azpimarratu zuten mundua Palestinarekin dagoela.
Protestaren amaieran, komunikatu bitartez, kezka partekatu zuten “datozen egun eta asteetan agertokirik okerrena espero” daitekeelako eta dirudielako “irudi latzak eta krudelak biderkatu” egingo direla. Ildo horretan, Gazako ospitalean egindako sarraskia izan zuten gogoan.
Horrekin batera, hiru puntu aldarrikatu zituzten:
- “Premiazkoa” dela gerra etetea.
- Gerra eteteaz gainera, “gatazkari konponbide justu eta demokratikoa emate aldera, Nazioarteko Komunitateak Israelgo estatua Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete eta elkarrizketa eta negoziazio politikoei atxikitzera behartu behar” duela.
- Eta “bakea justua, egonkorra eta iraunkorra izango bada, elkarrizketa eta negoziazio politikook Palestinaren okupazioaren bukaera eta Palestinaren askatasuna bermatu behar” dute.