Joan den astean udalbatzak egindako osoko bilkuran, bide eman zitzaion Ezozibidea berrurbanizatzeko eta auzoko irisgarritasuna hobetzeko obra lizitaziora ateratzeari.
Gabolatseko zubiaren obren arabera
Aho batez hartu zen erabakia. Baina, Unai Larreategi alkateak puntualizazio bat egin zion gaiari, honakoa: Gabolatseko zubia egiteko obren aurreikuspena kontuan hartuta, lizitazioaren argitalpena atzeratu egin beharko dela agian, obra horiek aldi berean egiteak nahasmendu handia sor bailezake udalerrian. Ur agentziaren proiektua eta obra gauzatzeko plana noiz aurkeztuko zain daudela gaineratu zuen.
Bederatzina hilabete
Xehetasunen arabera, Ezozibideko obrak zein Gabolatsekoak bederatzi bat hilabeteko epea izango dute bakoitzak, eta, besteak beste, zirkulazio zein aparkaleku egokitzapenak ekarriko dituzte, herri osoan eraginez. Hori horrela eta “herritarrei ahalik eta eraginik gutxien eragitea” lehentasun jarrita, alkateak uste du aproposagoa dela obra biak batera ez egitea.
Edozelan ere, onartu egin zuten Ezozibideko obra lizitaziora ateratzea; prozedura ireki bidez esleituko dute. Lizitazio prozesurako, A-BAT estudioak egindako exekuzio proiektua onartu zuten.
Onartutakoaren arabera, proiektuak 883.129,77 euroko aurrekontua izango du eta kontratua bederatzi hilabetean gauzatu beharko da.
Aurreko legealdikoa
Ondoren, EAJ-PNVko Iker Aldazabal zinegotziak hartu zuen hitza. Gogora ekarri zuen Ezozibideko proiektua aurreko legealditik datorrela. Halaber, gogora ekarri zuen eremu horretan hezetasun eta filtrazio arazoak zeudela ikusita, eremu horretarako jarduketa bat Eusko Jaurlaritzak degradatutako eremuetarako ematen dituen laguntzekin bat etor zitekeela ikusi zela.
Osterantzean, adierazi zuen garrantzitsua izango dela Ezozibidea kalea berrurbanizatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak Gabolats zubiaren obrekin koordinatzea. Zaila izango dela uste du, jarduketak luzatu egingo direlako eta bizilagunei eragozpenak sortuko zaizkielako. Hala ere, behin amaituta, dauden arazoak konpontzea espero du. Eta pozik agertu zen erabakia aho batez hartu zelako.
Beheko aldean jarduketak
Unai Larreategi alkateak, berriz, adierazi zuen proiektua nola garatzen ari den ikusi behar dela, baina ez dela baztertzen beheko aldean jarduketa puntualen bidez jardutea, egoera ekonomikoak ahalbidetzen badu. Hala bada, eraikinek igogailua instalatu ondoren egin beharko lirateke jarduketa zehatz horiek.
Azkenik, Patricia Borinaga zinegotziak galdetu zuen ea beheko zonako obra-jarduketek proiektuan aurreikusitako gainontzeko jarduketen artean dirua aldatzea ekarriko luketen. Alkateak erantzun zuen Ezozibidea berrurbanizatzeko jarduketa beraren barruan sartuko liratekeela, eta, ber garaian izan daitekeen eskuragarritasunaren araberakoa izango dela.