ARGAZKI GALERIA

Zapore ona laga zuen Emakumezkoen Frontenis Txapelketak

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 17a, 12:24

Domekan, goizean goiz hasi eta arratsaldeko lehen ordura arteko jarduna izan zuten Emakunezkoen Frontenis Txapelketan. Lau bikote izan ziren lehian, tartean, Soraluzeko ordezkaritza ere bai. Lehenengo, guztiek guztien kontra jokatu zuten eta segidan, kanporaketa faseari eutsi zioten. Finala 14:00ak aldera amaitu zen, Lorena Barron eta Laura Alvarez txapeldun izendatuta. Frontenis mistoa baino laburragoa izan zen emakumezkoena, baina partidak biziagoak izan ziren.

Bi irabazleek pozik jantzi zuten txapela; sariak jaso ondoren Laura Alvarezek (Leon), barrez, esan zuen ohe-buruan jarriko zuela oparitu zioten txapela. Finalari dagokionez, berriz, adierazi zuen “txarto” hasi ziren arren, gero erritmoa hartu eta finalean aurretik jartzea lortu eta horrela irabazi zutela txapelketa. 

Lorena Barron bere bikoteak esandako moduan, berriz, berak aurten hirugarren aldiz jantzi zuen Soraluzeko txapela eta ondo asko ezagutzen du hemengo Frontenis txapelketa. Aditzera eman zuenez, “momentu onak” pasatzen dituzte hemen “eta hemen izango gara”.

Soraluzeko produktuak sari eta opari

Podiuma borobiltzeko, bigarren izan ziren Ana Garcia (Salamanca) eta Maialen Bilbao (Durango); hirugarren, Amaia Ariznabarreta (Soraluze) eta Ainara Muga (Bergara) eta laugarren, Miriam Ruiz (Soria) eta Berta Martinez (Soria). 

Partaide guztiek eskuratu zuten sariren bat, sari guztiak ere Soraluzen egindakoak; besteak beste, Julen Mendikute soraluzetar artisauak egindako egurrezko eguzki-loreak eta txapelak eta poltsak Orratz-ek (Cristina Albisua) egindakoak. Horrez aparte, detaile modura, bai emakumezkoen frontenisean zein mistoan, partaide guztiei eman zieten poltsa bana san blas opil, madalena eta bestelako gutiziz beteta.