Udalbatzaren erabakiak

%2,7 igoko dira zergak

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 16a, 11:01

Datorren urtean, %2,7ko igoera orokorra izango dute Soraluzeko zergek. Hala adostu zuen udalbatzarrak joan den asteko osoko bilkuran. Hiru salbuespen izango dira. Bata, zaborren tasan, %7,5eko igoera izango baitute; bestea obretako espazio publikoaren okupazioan, non Eraikuntzen Gaineko Zergan aplikatzen diren hobari berberak aplikatuko dituzten. Hirugarrenik, tarifa murriztuak familia zaurgarriendako kirol eta kultura tarifa guztietan. 

Datorren urteari begira, Udal Gobernuak ez du aldaketa handirik aurreikusten 2023ko ekitaldiarekin alderatuta. Hori horrela, 2024 urteko ordenantza fiskalek 2022ko abuztutik 2023ko abuztura bitarteko KPIaren araberako igoera orokorra izango dute tarifa guztietan: %2,7koa. 

Salbuespenak

Hiru salbuespen izango dira igoera orokor horretan.

Batetik, zaborraren tasa gehiago igoko da. Joan den astean egindako ez ohiko osoko bilkuran emandako azalpenen arabera, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak %9 eta %11 arteko igoera proposatu die eskualdeko udalerriei, batetik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak bere tasa igo egin duelako eta bestetik, ontzien bilketa %40 igo delako. 

Soraluzeko Udal Gobernuak, ordea, herritarrentzat %7,5eko igoera proposatu zuen 2024rako eta gainerako igoera datorren urtean aplikatzea. 

Bestetik, familia zaurgarrientzat tarifa murriztuak proposatu zituzten kirol eta kultura tarifa guztietarako: Biraka, Zirkua, Arte plastikoak, Bertsolaritza. 

Hirugarrenik, bide okupazioagatiko tasan, Eraikuntzen gaineko zergan aplikatzen diren hobari berberak aplikatzea proposatu zuten. Unai Larreategi alkateak emandako azalpenen arabera, adibidez, eraikin baten energia eraginkortasuna handitzeko obretan hobariak izaten dira zergetan, baina orain arte, bide okupazioagatiko tasa arrunta aplikatu zaie halako obrei. Proposatutako aldaketarekin lortu nahi dena da halako obrek bide okupazio tasetan ere hobari berberak izatea.

Bozketa orduan, puntuak EH Bilduren aldeko sei boto eskuratu zituen eta oposizioaren lau abstentzio, EAJren eta PSE-EEren zinegotzienak -EAJren zinegotzi bat falta zen-.