Araneko frontoian izan zirenen artean, Ana Garcia Espainiako txapeldunak azpimarratu zuen, datorren urtean berriro errepikatzeko asmoa duela Soraluzeko esperientzia, bi arrazoirengatik: “Antolatzaileengatik, lan handia hartzen dutelako eta hemen, gure artean sortzen den giro onarengatik. Beti joaten gara hemendik sentsazio onekin”.
Garciak gaineratu zuenez, euren artean ezagunak dira Soraluzen lehiatzen diren jokalariak eta asko eskertzen dituzten hemengoa moduko txapelketak, bestela ez baitute izaten aukera handiegirik horrenbeste maite duten Frontenisean lehiatzeko.
Horren erakusle, bazkaltzeko etenaldirik ere ez zuten egin, nahiz eta aukeran eman; nahiago izan zuten goizean hasi eta iluntzera arte etengabe jokatzen segi, kiroldegian bertan bazkalduta. “Hauek jokatzea dute gustuko; nahiago dute denbora guztian jokatu. Pentsa, beste leku batzuetan 500 euroko eta halako sariak ematen dizkiete eta hemen, berriz, ez dago dirurik, eta hala ere, urtero datoz”, esan zuen Amaia Ariznabarretak, Frontenis txapelketaren antolatzaileetako batek.