FINALEKO TANTO IKUSGARRIENAK

Maila altuko frontenis txapelketa

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 15a, 11:51

Atzo, zapatua, maila handiko Frontenis Txapelketa jokatu zen Araneko frontoian. Bikote mistoen txanda izan zen eta bederatzi bikote izan ziren lehian, tartean, Ana Garcia, pilota azkarrean Espainiako txapelduna. 10:00etan hasi eta 18:00ak arte, etengabe jokatu zuten kirolariek, bazkaldu ere bertan eginda. Txapela Gueñeseko Arkaitzek eta Valladolideko Nuriak eskuratu zuten, Errioxako Romerori eta Zaragozako Miriami finala irabazi ondoren.

Atzo, gogor eta gogotsu jokatu zuten frontenisean Gaztela Leondik, Errioxatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Soraluzera bertaratutako frontenis-zaleek. Guztiak ere frontenisean iaioak ziren, batzuk txapelketetan ere badihardutenak eta tartean Espainiako bi txapeldun, aurtengoa, Ana Garcia eta lehenagokoa, Lorena Barrón.

Maila altu horren erakusle, partida gehienetan gehienez jota ezarritako 20 minutuak betetzeraino iritsi ziren, baina izan ziren hiruzpalau partida 22 tantoetarako iritsi zirenak.

Azkenean, finala Nuriak (Valladolid) eta Arkaitzek (Gueñes) osatutako bikoteak jokatu zuen, Romero (Errioxa) eta Miriam (Zaragoza) bikotearen kontra eta lehen biak gailendu ziren, tantotan 16-9 eginda. 

Beraz, honelaxe geratu zen podiuma:

  • Txapeldunak: Nuria Medina eta Arkaitz Martinez
  • Txapeldun-ordeak: Romero eta Miriam Ruiz
  • 3. postuan: Maialen Bilbao eta Mariano Pelaez
  • 4. postuan: Nura Bargo eta Mario Benes

"Lodiek irabazi dugu!"

Garaikurrak jaso ondoren, txapeldunek azpimarratu zuten “oso pozik” daudela garaipenarekin; Arkaitz Martinez gueñestarrak nabarmendu zuen moduan, lehen aldiz irabazi baitzuten Soraluzeko txapelketa. “Lodiek irabazi dugu!”, esan zuten biek ala biek. Datorren urtean, berriz, errepikatzeko asmoa dutela esan zuten, hori bai, “finago” etortzeko asmoarekin, “ez sufritzeko horrenbeste”, azaldu zuten.