Gerizpetako harmailak jendez beteta zeudela zelairatu ziren Sora eta Ilintxa atzo arratsaldean, eguena. Soraren hasierako hamaikakoan, bi jokalarik debutatu zuten: Galder Laskurain atezainak eta Jon Ander Recio jokalariak.
Lehen zatia hasi eta 5. minutuan etorri zen etxekoen lehen gola; Rolandok sartu zuen, Markel Perezen erdiraketaren ostean. Hortik aurrera, legazpiarrek presioa areagotu egin zuten Soraren arean, baina etxeko mutilek ondo defendatzeaz gainera, erasoari eutsi egin zioten eta 38. minutuan bigarren gola sartu zuten, oraingo honetan, Landerren jaurtiketa zuzen eta indartsu bati esker.
Lehen bi goletan, atzetik, Barrutiaren eskutik etorri ziren aurrelariendako paseak ia-ia kontrarioen arearaino eta handik jokatuta lortu ziren sareratzeak, gainera, bigarren golean, asistentzia zuzena egin zuen Barruk.
Lau txartel hori eta bi kolpe handi
Bigarren zatiari dagokionez, berriz, jokoak geldialdi dezente izan zituen eta horren ondorioz, epaileak 12 minutuz luzatu zuen partida.
Batetik, lau txartel hori izan ziren (lehen zatian beste lau), bat Soraren kontra eta beste hirurak Ilintxaren kontra. Bestetik, bi kolpe handi gertatu ziren. 59. minutuan, Galder Laskurain atezainak hartu zuen kolpea eta jokoa lau minutuz geratuta egon zen; azkenean, min hartuta, erretiratu egin behar izan zen Laskurain eta haren ordez Sudupe zelairatu zen Soraren atea defendatzera.
Bigarren kolpeari dagokionez, berriz, Ilintxako jokalari batek hartu zuen, 78. minutuan. Susto handia izan zen; buruko kolpearen ondorioz, hasieran zuri-zuri ipini zen jokalaria eta zer gerta ziezaiokeen ere zalantza izan zen zelaian. Zorionez, hainbat minutura, gaztea bere onera etorri zen eta aurrera egin zuen jokoak.
Hiru gol bigarren zatian
Bigarren zatiko golei dagokienez, Ilintxak sartu zuen lehenengoa; 73. minutuan atera jaurti, Sodupek jaurtiketa geratu baina segidan beste erremate bat egin zuten legazpiarrek eta hura sareratzea lortu zuten.
Dena den, gutxi iraun zien pozak Ilintxakoei, ze 3 minutu eskasera etorri zen Sorakoen erantzuna. Oraingo honetan, Rolandok areara zentratu eta Aitor Barrutia Barruk buruz sartu zuen etxekoen hirugarren gola. Horrekin nahikoa ez, eta, kontraerasoari eutsi egin zioten etxeko mutilek; horrek saria ekarri zien eta luzapenean, Txonanen asistentziaren ondoren, atezainari aurrez aurrekoan irabazi eta laugarren gola egitea lortu zuen Bienvenue Biokou Biok.
Atzokoan, jokalariak zein ikusleak, guztiak ere gustura asko geratu ziren Ezoziko futbol zelaian bizitakoarekin.
Hurrengo partida Zumaiakoren kontra jokatuko du Sorak, datorren asteburuan, haien etxean.