Zapatuko Frontenis Txapelketa mistoari dagokionez, 09:30ean partidak hasi eta batetik besterako bost minutuko atsedena kenduta, partida guztiak jarraian izango dira.
Soraluze Mugituz mugimenduko antolatzaileen aurreikuspenaren arabera, txapelketako hirugarren eta laugarren postuei dagozkien partidak 13:15ak aldera jokatuko dituzte eta finala, berriz, 17:30ean. Sari banaketa finala bukatu eta berehala egingo dute. Sariak izango dira txapelak eta garaikurra txapeldunendako eta garaikurrak bigarrenarendako eta hirugarrenarendako.
Eskualdeko txapelketa barik
Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ez da Debarroko jokalarien arteko txapelketarik jokatuko. Bakarrik eskualdeko bi bikotek eman du izena mistoan eta beste bik femeninoan eta horrexegatik erabaki dute aurten ez egitea Debarroko txapelketarik.
Domekako emakumezkoen Frontenis txapelketari dagokionez, hura ere 09:30ean hasiko da. Kasu horretan, lau bikote izango dira lehian eta finala 13:15ak aldera jokatuko dute. Hori horrela, segidan, 14:00ak inguruan egingo dute sari banaketa. Sariak txapelketa mistoan emango dituzten berberak izango dira.