Bihar, etxean jokatuko dute Sorako hiru taldek, tartean, Gorengoak

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 11a, 09:30

Asteburu luze honetan, Soraluze Futbol Taldeko ekipo guztiek etxean jokatuko dituzte ligako norgehiagokak. Bihar, eguena, hiru partida izango dira; besteak beste, 17:00etan, Gorengo mailako taldeak Legazpiko Ilintxa taldea hartuko du. Domekan, berriz, jubenilek eta kadeteek jokatuko dute.

Bihar, eguena, goizean Sorako Infantilek jokatuko dute, Infantil A taldeak 10:30ean, Elgoibarren kontra eta Infantil B taldeak 12:30ean, Antzuolaren kontra.

Arratsaldean, berriz, Gorengo mailako taldearen txanda izango da. Ligako laugarren jardunaldian, Legazpiko Ilintxa taldea izango du aurkari Sorak. 

Sora bosgarren, Ilintxa zortzigarren

Etxeko taldeak orain arte jokatutako hiru partidetatik bi irabazi egin ditu, biak ala biak, etxean; kanpoan jokatutakoa, berriz, galdu egin zuen. Hori horrela, sailkapeneko bosgarren postuan dago, Oñatiko Aloña Mendirekin 6 puntura berdinduta. 

Ilintxa taldeak, berriz, orain arte partida bakarra irabazi du, beste bat berdindu eta beste galdu eta hori horrela, lau punturekin zortzigarren dago sailkapen orokorrean. 

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, domekan jokatuko dute, goizean, 11:30ean jubenilek, Eibarko Urkiren kontra eta 16:30ean, berriz, kadeteek, haiek Urolaren kontra.