Biohondakinen birziklapenean beheranzko joera identifikatu ondoren, 2023ko urtarrilean Mankomunitateak hainbat baliabide bideratu zituen eskualde osoan biohondakinak birziklatzeko ohituren jarraipena egiteko. Azken hiru hilabeteetako datuek, baina, alarma guztiak piztu dituzte Mankomunitatean.
Izan ere, bereizita bildutako hondakinen kopurua nabarmen ari da jaisten, oro har birzikla daitezkeen zatiki guztietan, baina bereziki biohondakinetan. 2023ko abuztuko TAM indizearen arabera (indize horretan islatzen dira azken 12 hilabeteetako datuak), gaur egun behar bezala sailkatutako 735 tona hondakin gutxiago biltzen dira duela urtebete baino. Beherakada horretatik 323 tona biohondakinak dira.
Jaitsiera horren arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke, eta, Mankomunitatea prest dago, eskualdeko udalekin batera, egoera hori bideratzeko.
Galera ekonomiko handia
Azpimarratu dutenez, birziklapen datu negatiboek, ingurumenean eragina izateaz gain, kalte ekonomiko handia dakarte. Errefusaren edukiontzian uzten dugun biohondakin tona bakoitzeko 46 euro galtzen dira, eta behar ez bezala utzitako hondakinak ontziak badira, galera hori 200 eurotik gorakoa izan daiteke tona bakoitzeko.
Mankomunitatetik ohartarazi dutenez, “ondorioa argia da: zabor tasak handitu egingo dira gure hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzeko gai ez bagara. 2022an hondakin bakoitza bere edukiontzietan utzi izan balitz, milioi bat euro baino gehiago aurreztuko lirateke eskualde mailan”.
Egoera iraultzeko neurriak
Egoera larria denez, Mankomunitateak hainbat neurri hartuko ditu egoera hori konpontzeko. Lehenik eta behin, biohondakinen edukiontziak ixteko kontratazio-prozesuari ekingo zaio. Horren bidez, edukiontzietan hondakin desegokiak agertzea saihestu nahi da.
Bestalde, hondakinak bereizten ez dituzten erabiltzaileen tasa zergapetzeko sistemara itzultzea aztertzen ari dira. Era berean, Mankomunitateak hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko du laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko.
Bestalde, eskualdeko fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan biohondakinak eta ontziak biltzeko zerbitzu berri bat ezartzeko aukera aztertzen ari da Mankomunitatea. Gainera, Mendaro, Deba eta Mutrikuko industrialdeetan hondakin biodegradagarriak biltzeko zerbitzu berri bat jartzea aztertuko da.
“Neurri guztiek helburu bakarra dute: eskualdean gaika bildutako biohondakinen kantitatea eta kalitatea handitzea. Mankomunitateak herritarrei parte hartzeko eta inplikatzeko eskatu die, gaiak eskualdeko biztanle guztiei eragiten baitie”, diote Mankomunitatetik.