Gurasoen ekimena

'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimena abiatzear

Egoitz Unamuno 2023ko urr. 10a, 11:21

Gurasoak eta eragileen ordezkariak ekimenaren aurkezpenean.

'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenak hizkuntza portaera eredugarriak bultzatu nahi ditu guraso eta hezitzaileen artean. Urriaren 19tik 29ra bitartean, egitarau oparoa prestatu dute 12 urtera bitarteko umeak dituzten familientzat. Ekintzetarako izen-ematea zabalik dago. 

Helduek umeengan duten eraginaz jabetuta, Haurren aurrean helduok heldu ekimena abiatu dute "helduok hizkuntza portaerak ere transmitizen ditugula" konturarazteko.

Aurkezpenean azaldu zutenez, urriaren 19tik 29ra bitartean, 12 urtera bitarteko umeekin harremanetan dauden helduak (gurasoak eta hezitzaileak) gonbidatuko dituzte hamabost egun horietan ekimenaren identifikagarria jantzi eta "euskara ahalik eta gehien erabiltzera eta umeen erreferente izatearen garrantziaz hausnartzera".   

Egitarau zabala familiei zuzenduta

Antolaketa taldeak ekimen sorta zabala prestatu du familiei zuzenduta:

- Urriaren 20an, barikuan, Kantu-jolas tailerra familientzat (1-7 urte), 17:30etik 18:30era, Tolarekua aretoan, Ane eta Arianneren musikaz lagunduta. (IZENA EMAN)

- Urriaren 22an, domekan, Dolmenen Ibilbidearen bisita berezia familientzat, 10:00etatik 13:00etara,  Karakatetik abiatuta. Hamaiketakoa noberaren kontu izango da. (IZENA EMAN)

- Urriaren 23an, astelehenean, Berbalaguna gurasoentzat ekimenaren aurkezpena eta berbetaldia Berbalagun programan parte hartu izan duten gurasoen esperientzia ezagutzeko, 17:30ean, Elkartegian (kiroldegian).

- Urriaren 27an, barikuan, ipuin musikatua familientzat, Ameli eta Xirrikituen jostunek 17:30ean, Galipoten (Udaletxe osteko kaletxoan). Euria bada, Tolarekuan.

- Urriaren 28an, zapatuan, mural margotzea familientzat (6-12 urte), 10:00etatik 13:00etara,  Zubi Nagusian. 6 urtetik beherakoentzat margoketa librerako gunea egongo da. 12:30ean, berriz, Txokolatada musikatua egongo da parte hartzaileentzat. (IZENA EMAN)

Izen-ematea zabalik

Izen-ematea debalde da eta zehaztuta daudenetan eman behar da izena, besteetan ez. Umeak edo umeek izena ematerakoan, heldu batek gutxienez ere eman behar du izena, helburua guraso zein zaintzaileek ere ekintzetan parte hartzea baita: online inprimakia beteta, edo telefonoz edo watsapez/telegramez 601602347 zenbakian, edo aurrez aurre Pil-pileanen edo Udaletxeko harreran.

Ohiturak aldatzeko ariketa

Ekintzetan bilduko diren guraso eta helduei proposatuko zaie hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala egitea. Laburbilduz, ondorengoa:

-Euskaraz ondo moldatzen direnei proposatzen zaiena da: "Lehen hitzak euskaraz egin, euskara ulertzen duten ezagunei zein ezezagunei eta ulertzen duten kideekin eutsi beti euskarari, baita hauek erdaraz hitz eginda ere".

-Hitz egiteko zailtasunak dituztenei baina ulertzen dutenei, berriz: "Gonbidatu zure ingurukoak euskaraz jarrai dezaten/aritu daitezen zurekin".

Ekimena Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak bultzatu du eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egingo da. Soraluzen, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak eta Hizkuntza Politikarako Batzordeak antolatuko dute.