Marraskilo Tourren izena emateko azken aukera

Ander Gomez 2023ko urr. 5a, 08:00

Mendizaleak 2022ko edizioan, Karakateko anoa-puntura heltzen.

Zapatu honetan izango da Marraskilo Tour eta, online izena emateko plaza denak bete diren arren, posible izango da parte hartzea egunean bertan izena emanda.
Albiste barruan ibilbideen arteko desberdintasunak eta inskribatutako nesken eta soraluzetarren parte-hartze datuak.

Zapatuan (urriak 7), Marraskilo Tourrak mendizalez beteko ditu berriz ere Soraluze inguruko bidexkak eta mendi gainak.

Aurrekoetan bezala, ibilbide osoa edo erdia egiteko aukera egongo da: Haundixa goizeko 6etan abiatuko da, Txikixa goizeko 8etan; biak Plaza Berritik.

  'Txikixa' 'Haundixa'
Distantzia 
19km 35km
Desnibela  1000m 1800m
Irteera ordua 
08:00 06:00
Abiapuntua 
Plaza Berria Plaza Berria

Antolatzaileek mendizaleen eskura jarriko dituzte zerbitzu eta erraztasun guztiak: anoa-puntuak ibilbidean zehar (Azurtzan, Txantxaboletan, Karakateko antenan eta herrian bertan), Arane kiroldegiko dutxak, oparitxo bat eta bazkaria gainontzeko parte hartzaileekin batera Kalebarrenen, 15:00ak aldera, azken mendizalea plazara ailegatzearekin batera.
 

120/120 inskribapen

Online izen-ematea mugatuta zegoen eta berehala bete da aurten. 120 lagunetik 69 dira soraluzetarrak, neska kopurua 42ra igo da eta gutxienez 10 emakumek egingo dute ibilaldi luzea. Segidan datuen konparaketa:

PARTE-HARTZEA  Motzean Luzean TOTALA
 Soraluzetarrak 
54 15 69
 Emakumeak 
32 10 42
 Orokorra 
81 39 120

* Datuok online inskripzioenak dira, zapatuko izen-emateek kopuruak aldatuko dituzte.
 

Izena emateko aukera zapatuan

Aurreko edizioetan parte hartutako lagun ugari geratu omen dira izena eman barik, baina apuntatzeko aukera izango dute egunean bertan abiapuntura gerturatuta eta inskripzioaren 30 euroko kuota ordainduta.

Kopurua 150 lagunera heltzea espero dute antolatzaileek eta herritarrak animatu nahi dituzte azken orduko izen-emate horien parte izatera, "korrika ala oinez, Soraluzen dugun urteroko zita berezi honetaz disfrutatzera".