Errugbian ere abiatu dute denboraldia

Ubane Madera Zangitu 2023ko urr. 4a, 09:11

Gaur, eguaztena, errugbi entrenamendurako hitzordua dago Ezoziko Futbol Zelaian. Aurten, ordutegi berriarekin hasi dute denboraldia, 18:00etatik 19:30ak bitartean, bai umeek eta baita emakumeek ere. Bestalde, gazteek asteburuan izan zuten estreinaldia, Hondarribian eta Zarautzen egindako errugbi topaketetan (argazkietan). 

Aurtengo denboraldian, hiru mailatan jokatuko dute Soragazteak Rugby Klubeko kideek: 10, 12 eta 14 urtez azpikoetan. Txapelketetan ere lehiatuko dira, Arrasatearrekin batera taldea osatuta. 

Enekoitz Igartua klubeko ordezkariak jakinarazi duenez, hiru berritasun dituzte aurten. Batetik, entrenamenduetarako ordutegi berria: eguaztenetan, 18:00etatik 19:30era, maila guztiak eta baita emakumeen taldea ere. 

Bestetik, material berria erosi dute, jarduera berriak praktikatzeko. Eta, hirugarrenik, Diputazioak hala eskatuta, aurten kuota txiki bat kobratuko dute, 50 eurokoa (laguntza sozialak jasotzen dituztenak %75eko beherapenarekin). 

Esplikatutakoaren arabera, diru horrekin errugbirako jantzien gehi aseguruen zatitxo bat ordainduko dute.

Beraz, aurten ere, Soraluzen bada errugbian jarduteko aukera. Probatu nahi duenak gaur edo beste edozein eguaztenetan dauka horretarako bidea, futbol zelaira bertaratu besterik ez du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.