Irailaren 30ean, zapatua, Andoaingo SD Euskaldunaren aurka jokatu zuen Sorak etxean. Bi taldeok emaitza berberak izatetik zetozen, partidu bat galdu eta bestea irabazi, eta sailkapenean gailentzeko lehia zuten asteburuan.
Partidu gogorra izan zen: falta asko, kexa ugari arbitrajearen inguruan eta bero itogarria (atsenaldiaz aparte, beste bi aldiz eten zuen partidua epaileak, jokalariak hidratatu zitezen). Sorakoak, gainera, galtzen hasi ziren. Partidua hasi eta gutxira gola sartu zuten andoaindarrek eta lehen zatiaren amaierara arte ez zuten berdinketa lortu, Bioren golarekin. Baina bigarren zatian ere, goiz lortu zuen 1-2koa Euskaldunak. Gerora, partiduko tentsioak medio, penaltia adierazi zuen arbitroak Soraren alde eta berriz ere markagailua berdintzea lortu zuten etxekoek, Letu kapitainaren jaurtiketarekin. Azkenean, alboko sake batetik abiatutako Beñat Goenagaren burukadak hiru eta bian jarri zuen markagailua, Soraren garaipena lortuz.
Baja bat
Bigarren zatian zelairatu zen Borja San Jose, Antxon Zubiaurreren ordez, eta lehenengo gol aukeran lesionatu zen. Atezainaren kontra talka egin, txarto erori eta min hartu zuen sorbalda aldean. Medikuek lotailu-haustura diagnostikatu zioten, beso-euskarria hilabetez eramateko beharra eta osteko errehabilitazioa, baina azkenean operatzera deitu dute eta bihar egingo diote ebakuntza.
Hurrengo hitzordua urriaren 7an dute, Azkoitian, Anaitasuna B-ren aurka.