Ane Yabar Tornos (Soraluze, 1979) Eginon bizi da 2020tik. 2004an joan zen Arabara bizi izatera, ahizpa Nerearekin. Gasteizen lehenengo, Legution gero, Araia, Ilardui eta Ziordia ere izan ditu bizileku, orain dela hiru urte Eginon etxea erosi arte. Jule (2015) eta Haran (2011) ditu seme-alaba eta Francisco Estevez, Txisko, soraluzetarra, berriz, senar. Umeekin lan egiten du Yabarrek, besteak beste, coach da, Hazkuntza Kontzientean masterduna.
Zergatik aukeratu duzu Araba bizileku?
Alemanian bizitzen egon ondoren, gurasoen etxetik irteteko, ahizpa eta biok Gasteizera joan ginen bizitzera, Nereak han ikasi zuen. Gero lana aurkitu nuen Gasteizen eta Araba aldean geratu nintzen. Araiara amatasunarengatik joan nintzen, ahizpa Eginon bizi zen (Araiatik gertu) eta bigarren aldiz haurdun geratu nintzenean, “tribuaren bila” joan nintzen Araiara.
Soraluze baino herri txikiagoetan bizi izan zara; zer duzu gustuko halakoetatik?
Bai, Eginok, adibidez, 50 bat biztanle ditu. Gustuko dut naturarekin duen kontaktua, lasaitasuna, egunerokotasuneko erritmoa eta herrian dagoen giroa edo jendearen artean dagoen harreman gertukoa. Denok ezagutzen dugu elkar, familia handi bat bezala. Bitxikeria moduan, Eginoko 50 biztanletatik 4 soraluzetarrak gara: Nerea eta neu, Francisco Estevez, Txisko, senarra eta Irene Alberdi, bertako komentuko Ama Nagusia da.
Umeekin egiten duzu lan, ezta?
Araian nago lanean, Nerearekin batera, Araiako Jolaslekuan (ludoteka). Umeen arteko jolas librea balorean ipintzen dugu. 100 bat ume daude inskribatuta; egunero ez doaz, baina 40 bat ume egoten dira askotan, Asparrena eskualdekoak. (Araia, Egino, Albeniz, Ilardui…). Bertako ume guztiek ezagutzen gaituzte.
Horrez aparte, Hazkuntza kontzientean aholkularia zara. Zer da hori?
Orain urtebete, urte eta erdi inguru hasi nintzen lehen pausoak ematen. Web orria lantzen nabil, aholkularitza zerbitzua eskaintzen dut eta banakako akonpainamendu prozesuak. Iaz, berriz, tailer presentzialak Gasteizen egin nituen eta azaroan bigarren edizioa egingo dugu; online formazioa ere eskaintzen dut eta azaroan beste programa bat aterako duguonline. (Harremanetarako: 605 74 29 05).
Zela definituko zenuke Hazkuntza Kontzientea?
Errespetuzko hazkuntza bilatzen du, eta bide horretan kontzientzia hartzea, bai helduen beharrez, baita umeen beharrez eta zailtasunez ere. Adibidez, errespetuzko harremana landu nahi denean, umearen beharrak asetze horretan, askotan automatikokierrepikatzen ditugu egin nahi ez diren gauzak, adibidez, umea garrasika tratatzea. Askotan, haurtzaroko esperientziak edo erreprimitutako emozioak azaleratzearen ondorioa izaten da. Auto-ezagutza ere sartzen da hor.
Zein emaitza ematen du zure zerbitzuak?
Haurrekin harremana, binkulua estutzea eta umeari bere nortasuna garatzea ahalbidetzea, bera den modukoa izatea. Azkenean, gurasoen espektatibek nahi dutena modukoa baino, umea bera izatez den modukoa izaten laguntzea.
Gehiago landu beharko genuke hori gaur egungo gizartean?
Bai, kontzientzia ipini behar da, bestela jarrera berberak errepikatzen dira. Maitatua, errespetatua eta entzuna izan den ume batek helduaroan ez du izango beste bati mina emateko beharrik. Ni ama izan nintzenean konturatu nintzen horrekin. Nire burua umeari garrasika, edo umearekin desesperatuta… ikusi nuenean, konturatu nintzen nire barruan banituela gauzak barneratuta, eta, hor kontzientzia jarrita, badagoela hori aldatzerik. Mundua aldatu egin ahal dugu hazkuntza mota aldatzen badugu. Hori da nire konbikzioetako bat.
Herriko kontuetara bueltatuz, etortzen zara bisitan?
Nahi baino gutxiago. Gurasoak bisitatzera, batez ere Txiskorenak, ez baitute kotxerik. Bi hilean behin-edo joaten gara.
Zelan ikusten da Soraluze urteak kanpoan daramatzan baten begietatik?
Betiko antzera. Ikusten dut, akaso, kanpotar jende gehiago. Bestela, giroa, jendea… antzerako.
Beste zerbait nahi duzu gaineratu?
Plaentxiatik kanpo bizi izan arren, herria beti daukadala presente. Askotan, hemen, jendearekin berba egiten, beti Plaentxiakoa naizela-eta, jende askok ezagutzen du Plaentxia eta nik ezer esan gabe besteek esaten dute jendea oso jatorra dela. Hori askotan entzun dut eta bat nator. Maite dut, batez ere, herriko jendea.