Gaur, eguena, Mesedeetako egoitzan datorren urteko lan-egutegiaren gaineko bozketa egingo dute, langileen lan-txandak erabakitzeko, zehazki. 14:30etik 15:30era bitartean bozkatuko dute.
LAB sindikatuaren eskariz egingo da bozketa. Maiatzaz geroztik, protestan jardun dute langileen lan-txanden gaineko bozketa hori lortzeko, euren esanetan, “urteetan zehar eraikitako pribilegioen baitako lan antolaketa” baitago egoitzan.
Ez dute bozkatuko
Bada, martitzenean, ELAk deituta, egoitzako hainbat gai salatzeko egindako elkarretaratzean, jakinarazi zuten eurek ez zutela bozketan parte hartuko. Hiru arrazoirengatik. Batetik, uste dute bozketan parte hartu behar dutenak erizain laguntzaileak izan behar direla, “ulertzen baita erizain laguntzaileen egutegiei buruz ari direla”; bestetik, zenbait langilek kontziliazio neurriengatik edo beste arrazoiengatik sententziak irabazita dituztelako”, eta, hirugarrenik, bozkatzekotan, “txanda guztiak” bozkatu beharko liratekeela uste dutelako. Horrekin batera, oro har, salatu zuten LAB sindikatuak "entzungor" egin diela euren eskakizunei.
Orain, berriz, LAB sindikatuak ELAri erantzun dio, prentsa ohar bitartez. ELAk esandakoak gezurtatzeaz batera, LABek salatu du ELAk gehiengo sindikala izan duenean, "eroso" egon dela egoitza kudeatzen duen Aita Mennirekin eta horrek ekarri duela "ELAko afiliatuek tratu berezia izatea eta gainontzeko langileek baino baldintza hobeak eskuratzea, baita gehiengo sindikala izan duten urte guzti hauetan eskubide hauek mantentzea ere".
Gaineratu dute orain, berriz, langileen gehiengoak LABen alde bozkatu duela “orain arteko egoerarekin apurtu eta aldaketak eskatzeko" eta, horren adibide dela gaurko bozketa, "bertan langile guztiek erabakiko dutelako ordutegiak txandakatu edo ez".
Azkenik, salatu dute ELAk ez duela eurekin “negoziatu nahi izan, azkenengo 8 urteetan eduki duen jarrera mantenduz”. Eta “argi utzi” nahi dute “ELAk bozketa deslegitimatu nahi duela haien afiliatuen eskubideak defendatu nahi dituelako soilik eta ez langile guztiena”. Bukatu dute esanez, gaurko bozketaren alde egitea dela “langileen alde borrokatzea”.