Antzokian grabatutako bideoklipa

Ander Gomez 2023ko ira. 27a, 08:00

Herriko Antzokian grabatutako bideoklipa aurkeztu du Muzak taldeak. Mutrikuko 'Biarko Produkzioak' ikus-entzunezkoen estudioak ekoiztutako lana da eta Gezur mila kantari jartzen dizkio irudiak. 

Argazki-sortan, grabaketa eguna argazkitan. Iturria: Muzak.
Bideoklipa albiste barruan ikusgai.

Bideoklip berria aurkeztu du Muzak taldeak. Lehenengoa Mutrikun grabatu zuten, Aitor Sagarmendi baxu-jolearen jaioterrian, eta, oraingoan, taldearen ahotsa eta gitarra den Joanes Iñurrieta soraluzetarrak herrira ekarri ditu taldekideak, 'Gezur Mila' kantaren bideoklipa grabatzera.

Debabarreneko power trioak maiatzaren 27a, zapatua, eman zuen Antzokian, taldearen bigarren bideoklipa grabatzen. Asteburu osoko erabilera eskaini zien Udalak, baita aretoko argiak nahierara moldatzeko aukera ere, eta bertan aritu ziren Mutrikuko 'Biarko Produkzioak' enpresarekin, Enekoitz Andonegui ikus-entzunezkoen ekoizlearen gidaritzapean.

Kutxa beltz bat muntatu zuten eszenatokian

Argi gutxirekin jolastu nahian eta taula gaineko teloi beltzak aprobetxatuz, oihalezko "kutxa beltz" bat muntatu zuten, eta horren barruan grabatu zituzten bideokliparen irudi guztiak. Hirukotea janzkera gris, soil, berarekin aritu zen, bai taldean instrumentua jotzen, bai bakarka, argi foku baten azpian burla keinu eta mugimendu errepikakorrak interpretatzen eta, tarteka, distopia kutsudun neonezko betaurreko futuristak soinean.
Bukatzeko, postprodukzioan gehitutako plano zuri-beltzek eta efektuek argi-itzalen jokoa areagotzen dute, Gezur Mila kantaren mezua iruditan berrazpimarratzeko saiakera hau borobilduz eta, beste behin, entzuleari gonbit eginaz mundu digitalean murgilduta bizitzeak dakarkigun alde argi eta ilunen inguruan hausnartzera.

Erlazionatuak