Gaurko elkarretaratzean jakinarazi dutenez, etzi, eguaztena, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Gizarte eta Gazteria Batzordean eta txosten bat entregatuko dute.
Aurrekontuaren %2
Haren bitartez, gogora ekarriko diete Euskal Autonomia Erkidegoan 170.000 pentsiodun inguru daudela, gehienak emakumeak, 1.080 eurotik beherako edo askoz gutxiagoko pentsioa dutenak. Halaber, azpimarratuko dute gutxieneko pentsio horiek osatzeko kostua Gasteizko Gobernuaren aurrekontuaren %2 inguru dela bakarrik, hau da, aurrekontuko ehun eurotik bi euro.
Hori horrela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak proposatzen duena da 2024rako kostu osagarri hori Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu eta aurrekontu orokorrean sartzea.
Halaber, Nafarroan ere gauza bera eskatu diote hango gobernuari, zehazki, Nafarroako Aurrekontu Orokorrek partida bat izan behar dutela pentsioak osatzeko 1.080 euroraino 14 ordainsaritan.