Zapatuan, 10:00etan Plaza Berrian elkartu eta Linazibarrerako bidea hartu zuen Soraluzeko Baso Biziak elkarteak eta Lurgaia Fundazioak ibaia garbitzera joateko egindako deiari erantzun zioten 30 lagun inguruk.
Bertaratutakoen ia erdiak Bizkaitik etorritakoak izan ziren: Getxotik, Bilbotik, Lekeitiotik eta Abadiñotik; gainerakoak, berriz, soraluzetarrak.
Linazibarren, hondakinak batzeko poltsak hartu eta ibai ertzak garbitzen jardun zuten 13:00ak ingurura arte. Denetik batu zuten: somierrak, alfonbra luze bat, tutu pusketak.... eta batik bat, plastikoak, Naturan, gehien dagoen eta kalterik handiena eragiten duen hondakina.
Hain justu, zabor bilketa amaitzean, Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgok batutakoei buruzko azalpenak eman zituen, bereziki, topatutako plastikoei buruzkoak. Izan ere, denetik batu zuten: obretako plastikoak, erosketak egitekoak, frutatarako erabiltzen direnak, litxarrerien plastikoak zein jantzietan daudenak.
Plastikoa jan eta arnasten dugu
Besteak beste, Hidalgok adierazi zuen, gaur gaurkoz ia ezinezkoa dela plastiko barik bizitzea, nonahi erabiltzen baita edozertarako. Baina haren larregiko erabilera eta plastikoek Naturari eragiten dioten kaltea azpimarratu zituen adituak.
Adibidez, adierazi zuen, denbora asko igaro arren ere, plastikoa ez dela desagertzen, baizik eta plastiko pusketa handiak mikroplastiko bilakatzen direla eta mikro-plastiko horiek animaliek -batez ere itsasokoek- irentsi egiten dituztela eta animaliak jatearen ondorioz, baita gizakiok ere. Fundazioko kidea harago ere joan zen eta esan zuenez "gaur egun plastikoa arnasten dugula ere esaten dute adituek".
Legez murriztea
Auzolanean parte hartu zutenetako batzuek, berriz, besteak beste, plastikoen larregiko erabilera legez mugatu beharra dagoela azpimarratu zuten, norbanakoek ez ezik, enpresa handiek ere plastikoa nabarmen gutxiago erabil dezaten.