Linazibar inguruko ibaiertzak garbituko dituzte zapatuan, besteak beste

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 21a, 12:02

Iazko ibai garbiketan denetik batu zuten.

Gaur, eguena, itxiko da ibaia auzolanean garbitzera joateko izen-ematea. Soraluzeko Baso Biziak elkartetik esandakoaren arabera, oraingoz, 15 lagunek eman du izena, 10 helduk eta 5 umek. Zapatuko garbiketari dagokionez, berriz, elkarteak jakinarazi du Inazibarreko (bidegorrian tirolina dagoen ingurua) ibai ertzak  garbituko dituztela lehenengo eta ondoren, herrigunekoak, azken hori iaz garbitu baitzuten.

Zapatuan, 10:00etan, Plaza Berrian elkartuko da ibaia garbitzera joango den taldea. Antolatzaileek ura eramatea gomendatzen dute, hamaiketakoa, berriz, antolatzaileek eurek jarriko dute. Jantziei dagokienez, harrietatik ibiltzeko oinetako aproposak eraman behar dira, edo uretako botak (katiuskak edo badeadorea), ibaira jatsi behar bada. Goizeko jarduna izango da, bazkal ordurako amaituko dena.

Ibai garbiketan, besteak beste, Lurgaia Fundazioko adituek ere hartuko dute parte eta ibaia garbitzeaz batera, plastikoek gure ibaietan eta itsasoetan duten eragin txarrari buruz eta espezie exotikoei buruz berba egingo dute.

Parte hartzeko izena eman behar da honako helbideetako batean: info@lurgaia.org edo soraluzekobasobiziak@gmail.com.