Jokalarien eta taldeen aurkezpena eta omenaldia egin zituen Sorak

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 19a, 08:03

Domekan, Soraluze Futbol Taldean jardungo duten futbol jokalarien eta haien taldeen aurkezpen ekitaldia egin zuten Ezoziko futbol zelaian. Ondoren eta Gorengo mailakoen partida hasi aurretik, Sorako bi futbolari ohi omendu zituzten, Oier Ariznabarreta Bosko eta Jon Agirregomezkorta Txato. Biek ala biek iazko denboraldian laga zioten jokalari izateari, nahiz eta Boskok Soran segi, orain, Kirol zuzendari modura.

Sorako 2023-2024 denboraldiko aurkezpen ekitaldia atzerapenarekin hasi zen, justu hasteko zenean egundoko euri zaparrada bota baitzuen. Baina berehala atertu eta hortik aurrerakoak ateri eta eguzkitsu zegoela egin ahal izan zituzten.

180 lagun pasa Soran

Txikitik handira hasita, aurten Sora Futbol Taldearen aterpean futbolean jardungo duten jokalariak eta haien taldeak aurkeztu zituzten, banan-banan.

Aurten, 160 bat ume-gaztek eman du izena Soran, 9 taldetan banatuta. Jokalariei taldeetako entrenatzaileak, delegatuak eta zuzendaritzako kideak gehituta, 180 lagun pasak osatuko dute herriko futbol taldea.

Bestelakoen artean, Iraultz Arluziaga Futbol Eskolako arduradunak eskatu zien jarrera ona eta Soraluzeren izen ona han-hemenka barreiatzea.

Omenaldia Boskori eta Txatori

Aurkezpenaren ondoren eta Gorengo mailakoen partida hasi aurretik, iaz futbolari izateari laga zioten bi lagun omendu zituzten: Oier Ariznabarreta Bosko eta Jon Agirregomezkorta Txato. Sorako gaztetxoek biei zein talde nagusiari pasilloa egin zieten zelairatzeko eta ondoren, Soraren sortzaileetako bat izan den Jesus Arruabarrena Ninoren eskutik oroigarri bana jaso zuten bi jokalari ohiek.

Anekdota modura, justu domekan, omenaldi egunean Oier Ariznabarretaren urtebetetze-eguna ere izan zen.