Osintxuko Soraluce eta Elgoibarko Danobat kooperatibak Hannoverreko EMO 2023 azokan

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 18a, 10:37

Gaurtik, irailaren 18tik 23ra egingo dute EMO 2023 nazioarteko azoka Hannoverren (Alemania) eta han izango dira DanobatGroup-en parte diren Osintxuko Soraluce kooperatiba eta Elgoibarko Danobat. Soraluceren kasuan ekoizten dituen erreminta-makinez gain, Performance Line-ko gama berria aurkeztuko du, besteak beste. Danobat-en kasuan, berriz, azken belaunaldiko makinak eta industrian adituak eramango ditu Alemaniako azokara. 

Gaurtik zapatura bitartean, Hannoverreko EMO 2023 azokan erakutsiko ditu Soralucek fresatzeko, mandrinatzeko, funtzio anitzeko eta automatizazioko makina-erremintak, 13. pabiloian. Aldi berean, bere ezagutzak partekatuko ditu, zuzeneko erakustaldiak egingo ditu eta  azken garapen teknologikoak erakutsiko ditu fresaketa pabiloiaren erdian jarriko duten stand-ik handienera bisitetan. Gainera, bertaratzen direnek enpresako aditu teknikoekin hartu-emana eduki ahal izango dute.

Nazioarteko azoka hori baliatuko dute Performance Line-ko azken makinak ezagutarazteko eta, Soraluce SAD60 mahai finkoaren gainean dagoen zutabe mugikorreko fresatzeko makina berria erakutsiko dute in situ.

Danobat kooperatiba

Danobat kooperatibari dagokionez, punta-puntako makinak aurkeztuko ditu EMO azokan: VG-1000 izeneko makina, artezketa, torneaketa gogorra, fresatzea, mandrinatzea eta zulatzea konbinatzen konfigurazio bakarrean dituena; CG-1000 artezteko makina trinkoa; Estarta-250 artezteko makina, artezketa zentrorik bakoa; eta, besteak beste, MikroTurnGrind-100, Herbehereetako Hembrug subsidiarioak garatua, mekanizazio-lan konplexuetarako torneatzeko eta artezteko gaitasunak dituena. 

EMO azokako 11. pabiloian kokatuko da Danobat eta bertan izango dira hainbat makina eta teknologiatan adituak, bisitariei behar duten aholkuak eta orientazioa eskaintzen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.