Pentsiodunen mugimendua

Ekin diete protestei

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 12a, 09:37

Udako etenaren ondoren, atzo, astelehena, berriro ere plazara eraman zuten pentsio publiko duinen aldeko aldarria, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Bizi-kostuaren igoera nabarmena eta agintariei helarazitako premiazkoak ikusten dituzten eskaerak ekarri zituzten gogora, esanez, horiek exijitzeko besteak beste, “manifestazio garrantzitsuak” iragarriz.

Atzoko elkarretaratzeekin, Hego Euskal Herrian 75 bat herritan abiarazi zituzten pentsio publiko duinak aldarrikatzeko protestak. Soraluzen, 35 herritarrek parte hartu zuten eta hiru gai nagusi izan zituzten.

"Galera onartezina"

Batetik, bizi-kostuaren igoerari buruz berba egin zuten. Datutan, esan zuten, iazko abuztutik bakarrik, %11 igo dela erosketa-saskia. Igoera horri azken bi urtekoak gehituta, salatu zuten pentsioen eta soldaten erosteko ahalmenaren “galera onartezina” eman dela. Gogora ekarri zuten, gaur egun, gutxieneko pentsioak 743 eurokoak direla eta emakume askok kotizazio bako 484 euroko pentsioa eskuratzen dutela.

Gutxienekoak

Bestetik, politikariei egindako eskaerak ekarri zituzten gogora, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio guztiei benetako KPIa igotzea eta pentsioen genero-arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea. Esan zuten inbestiduratik irtengo den gobernuari zein talde parlamentarioei helaraziko dizkietela eskaerok.

Halaber, premiazkoak ikusten dituzten gutxieneko horiek defendatzeko, astelehenero elkarretaratzeak iragarri dituzte eta baita “manifestazio garrantzitsuak” ere.