Debabarrena Berritzen II programaren bitartez, gazteei lan-munduan sartzen laguntzeko ibilbidea eskainiko zaie, formazioa, orientazioa eta lan-kontratuak eskainiz. Soraluzen eta Elgoibarren egingo da eta bi fase izango ditu. Lehen fasean, prestakuntza teknikoa jasoko dute gazteek eta Eraikuntzako estaldura arin eta teknikoen oinarrizko eragiketen profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute. Gainera, beka ekonomiko bat ere izango dute.
Bigarren fasean, berriz, parte-hartzaileei 10 hilabeteko iraupena izango duen aldizkako kontratua egingo zaie berritze- eta gaitze-lan errealak egiteko: eraikinak birgaitzeko lanak, hiri-birsorkuntzako obrak… Lan horietan, ikasi dituzten teknikak aplikatuko dira: igeltserotza, pladurra jartzea, barnealdetik eta kanpotik isolamenduak jartzea, pintura, sabai faltsuak jartzea, lurzoruak jartzea, iturgintza, zurgintza eta elektrizitatea.
Olaldean, Ezozibiden eta Sigman
Soraluzeren kasuan, Olaldean (Soraluze) dauden udal lokaletan eta Ezozibidea hiri-birgaitzerako proiektuei lotutako beste espazio batzuetan jardungo dute, eta, Elgoibarren, Olasogain-SIGMA (Elgoibar) auzoko udal eremu komunitarioan egingo dute lan.
Debabarrena Berritzen II programa urriaren 8an hasiko da eta langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko 12 gaztek hartuko dute parte. Interesa dutenek izena eman beharko dute irailaren 15a baino lehen, Lanbiden
Debabarrena Berritzen programa Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Soraluzeko, Elgoibarko eta Eibarko Udalen, Debegesaren eta Debabarreneko Gizarteratze eta Laneratze Sarearen arteko lankidetzari esker sortu da.