Bertakoez gain, kanpora bizitzera joandako soraluzetarrek eta inguruko herrietako mendizaleek egutegian markatu beharreko data dute urriaren 7a, zapatua, aurtengo Marraskilo Tourraren eguna. Korrika ala oinez, txiki zein nagusi, edonork izango du Soraluzeko inguruetako mendi-martxa berezi honetaz disfrutatzeko aukera; eta, amaitu ostean, denak batera bazkaldu ahal izango dute lagun artean, ibilaldiaren ingurukoak elkarri kontatzeko.
Ibilbide osoa edo erdia
Aurrekoetan bezala, ibilbide osoa edo erdia egiteko aukera egongo da:
- "Haundixa" goizeko 6etan abiatuko da eta 35 km izango ditu, 1800m-ko desnibelarekin.
- "Txikixa" goizeko 8etan, 19km-ko distantzia eta 1000m-ko desnibelarekin.
Izen-ematea online egin daiteke, www.kirolprobak.com guneko hurrengo formularioan: Marraskilo Tour 2023; edo egunean bertan, irteera-puntura lehenxeago bertaratuta. Ibilbide biek kostu berbera daukate: aldez aurretiko inskripzioa 20€-koa da (15€ Soraluzeko Mendi Taldeko bazkideentzat) eta 30€-koa egunean bertan apuntatuz gero.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi soraluzekomenditaldea@gmail.com helbidera.