Soraluzeko Jaiak

“Guretzat da Gipuzkoako, Euskal Herriko herririk politena zezenetan ibiltzeko”

Ubane Madera Zangitu 2023ko abu. 18a, 11:54

Atzo, Andramari jaietako azkeneko egunean, zezenek erakarri zuten ikusle gehien. Plazan, dagoeneko herrian ezagun egin diren Durangoko, Villabonako, Lezoko, Oiartzungo, Bergarako… eta noski, Soraluzeko zezenzaleek jardun zuten, nor baino nor iaioago zezenaren aurrean. Intxausti, Gorka Santamaria Tota, Anartz, Joseba, Piter… dira haietako batzuek izenak. Diotenez, Soraluze da "Gipuzkoako eta Euskal Herriko herririk politena zezenetan ibiltzeko". 

Villabonako Intxaustik Plaentxia.eus-i adierazi dionez, Soraluze “Gipuzkoako herririk politena da zezenetan ibiltzeko. Errespetatzen gara inguruko herrietan baino gehiago, ibiltzen gara banan-banan, txandakatu egiten gara, errespetua dugu gure artean eta animaliarenganako ere bai, ahal dugun guztian, eta Andoni -Arno ganadutegia- ere ikaragarri portatzen da ze oso ganadu ona ekartzen du”.

Lagun duen Piter azpeitiarra bat dator Intxaustik esandakoarekin eta areago dio Soraluze "Euskal Herriko herririk onena" dela zezenekin jolasteko. Bestalde, eskatu du datorren urtean zezenen jarduna beste ordubetez luzatzea. Hain zuzen, arratsaldeko zezenean, zezenzale askok eskatu dute beste zezen bat ateratzeko.