Tortilla lehiaketako epaimahaia Allegro, Mahastia, Arrano eta Arriogain elkarteetako Crecenciano Hernandezek, Esther Cruzek, Maria Carmen Arzabalagak eta Iñigo Egurenek osatu zuten. Esandakoaren arabera, lehiaketara aurkeztutako tortillen artean “denetik” egon zen arren, oro har, “maila altua” izan zen eta irabazleen arteko puntuazioa nahiko parekatuta izan zen, batik bat, patata tortillen atalean.
Kasu horretan, azkenean, Lierni Elizbururen eta Ines Laskurainen tortillak eskuratu zituen puntu gehien.
Bigarren izan ziren Regina Maiztegi eta Angel Garro eta hirugarren, berriz, Maria Pilar Agirrebeña eta Roberto Retolaza.
Berezietan, denetarik
Tortilla berezien atalean, berriz, denetarikoak aurkeztu zituzten, adibidez, txokolatezkoa, olagarrozkoa, saltsa-perretxikozkoa zein espinakazkoa eta gazta urdinezkoa. Irabazlea, berriz, onddoz, kalabazinez eta piperrez egindakoa izan zen, Zuhaitz Larrañagak eta Aitz Arluziagak egin zutena.
Amaieran, ohi denez, tiketak banatu eta plazara gerturatu ziren herritarrek tortillak doan dastatzeko aukera izan zuten.