Soraluzeko Jaiak

90eko jai haiek...

Kontrargi eta Egoitz Unamuno 2023ko uzt. 30a, 11:13

...ez ziren izan makalak. 1990ean, Luis Felipe Galarraga zen Soraluzeko Udaleko alkate eta orduko hartan, bost eguneko jaiak antolatu ziren. Argazkiak: Kontrargiren artxiboa. 

1990eko jaietako lehen egunean (Santiago Eguna): txupina, Oria txaranga eta dantzaldia Berakatz Band taldearekin (oraingoz, taldearen izenaz aparte, ezer deigarririk ez).

Bigarren eguna (Santa Ana) kargatua zetorren: bakailaua, dantza suelto txapelketa, II. Balsa jeitsiera, arratsaldeko zezena, gauean Egan, eta errematatzeko, 05:00etan, zezena berriz (hasi gara gauzatxo bereziekin...). Jarraian, goizeko 08:00etan (oraindik tente zeudenentzako) "herri jolasak": "sokatira eta pañuelitos". Ostean, goizero moduan, Zabale Anaiak trikitilariak kalez kale. Eguerdian, Arrasateko konpartsa eta kilikiak, eta arratsaldean (heldu ondo barandillari!): "Puenting, Erlaegiko zubian". Gauean, Minxoriak (ekaitzaren aurreko barealdian...).

Laugarren eguna, zapatua. Goizean, Larreategi Taldea gehitu zaio Zabale Anaien triki errondari (bai, ordurako larreategitarrak kalez kale zebiltza). Ondoren dator Santa Ana pilota txapelketa, koadrilen arteko paella lehiaketa eta koadrilen bazkaria "txistelari" eta guzti. Arratsaldean, "herri jolasak koadrilentzat": "zaku lasterketa", "errelebu lasterketa" eta "bizikleta lasterketa (azken tokian sailkatutakoarentzako sariarekin)". Iluntzean (entzun ondo), "III. Batel Txapelketa" eta gauean, azken traka, Rock jaialdia Plaza Zaharrean: La Polla Records, Su Ta Gar eta BAP (harrapazank!). Goizeko 06:00etan (tsunamiaren ostean), merengada (mitikoa) eta salda. Eta segi. 08:00etan (kaleak gaupaseroz beteta) entzierroa, ostean trikitilari tropela kalez kale (hemen ez da ezer pasa...) eta eguerdian Iparraldeko herri-kirol jaialdia, Lazkano eta Mañukorta bertsolariek girotuta (klasiko bat). Arratsaldean, pailazoak eta zezena, eta gauean, Lisker (hauek ere bazebiltzan …).

Zer esan… Tarteka, merezi du atzera begiratu eta aurretik zer egin den jakin edota gogoratzeak, ez duzue uste?

1990eko jaietako egitaraua ikusgai dago Sorapedia.eus-en, eta baita 1931tik hasi ondorengo urterik gehienetakoak ere