Soraluzeko Jaiak

Bakailao lehiaketan Calles eta Basauri txapeldun

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 27a, 12:30

Atzo, arrakasta handiarekin egin zuten bakailao lehiaketa, jendetsu eta umore ezin-hobearekin. 16 bikotek prestatu zuten bakailaoa, bakoitzak bere sekretua edo ukitua emanez. Baina epaimahaiak hiru bikote aukeratu behar zituen eta honako hirurak izendatu zituzten saridun: 1- Andoni Calles eta Jon Basauri, 2-Ezozi Arrillaga eta Jose Inazio Barrutia eta 3- Iñaki eta Ekain Larrañaga aita-semeak. 

Aurtengo bakailao lehiaketak partaidetza handia izan du, 16 bikote. Gainera, haien artean, erreleboa emateko gertu dauden gazteak ere izan ziren, tartean, 17 urteko bikotea zein aitarekin batera sukaldatu zuen semea. 

11:30ean hasi ziren errezetak prestatzen eta 13:00etarako prest zuten bakailaoa. Tarte horretan, iaz moduan, ETB2-ren bisita ere izan zuten sukaldariek. 

Saridunak

Epaimahaiari dagokionez, sukaldaritzarekin lotura duten pertsonek puntuatu zituzten platerak, Artola jatetxeko ugazaba senar-emazteek, urte luzez bakailao lehiaketan parte hartu eta saridun izan den Jabi Garmendiak eta Eider Arizanabarreta Txurruka jatetxeko langileak.
Esandakoaren arabera, bikote txapeldunaren bakailaoari antzeman zioten besteekiko aldea, baina oro har, denak ere pareko ibili ziren.  

Denen artean, hiru saridun izendatu zituzten, honakoak:

  • 1. saria, 100 euro eta Mausitxako gazta bana:
  • Andoni Calles eta Jon Basauri.
  • 2. saria, 75 euro eta Axelekuko gazta bana:
  • Ezozi Arrillaga eta Jose Inazio Barrutia.
  • 3. saria, 50 euro eta Egotzako gazta bana:
  • Ekain eta Iñaki Larrañaga.