Bihar, eguaztena, 18:00etan hasita, Mojito Arratsaldea izango da txosnagunean, Galtzagorrien eskutik. Jaietako azkeneko egunean ere jai-giroa bizi-bizi egon dadin aukeratu dute kubatar edari ezagun baina tabernetan ez horren ohikoari leku berezia egitea Zubi Nagusiko txosnan.
Eskaintza borobiltzeko, Ezoziko gaiztuak bikoteak pintxatuko du musika.
Oi! eta Punk Oi!
Esan dutenez, bi musika estilotako kantak jarriko dituzte.
Batetik, Oi! eta Punk Oi! estilokoak, esate baterako, Camera Silens frantsesen, Sham 69 ingelesen, Hernani-Añorga inguruko Orreaga 778 taldearen edo Lazkaoko Brigada Criminal taldearen kantak.
Rock britpop estilokoak
Bestetik, jatorri ingeleseko musika edo estilo hartan oinarritutakoa ere jarriko dute, rock britpop estilokoa, hain justu. Adibidez, The Clash mitikoak, Oasis ezagun askoak, Madchester mugimenduko The Stone Roses, new wave estiloko The Jam edo Tatxers euskaldunak.
Ezoziko Gaiztuak
Ezoziko gaiztuak bikotea Anton Akizu eta Urko Aizpuru Ezoziko auzotarrek osatzen dute; kontatu dutenez, jaietako azken arratsalderako, bi ordurako besteko musika saioa prestatu dute, denak martxan eta dantzan jartzeko.