Dagoeneko ibili zarete hainbat plazatan Goazen Karaokearekin, zelako harrera izaten ari da?
Harrera oso-oso ona. Goazenek daukan magia hori da jendea etortzen dela ilusioarekin telebistako lagunak ikustera oholtza gainean, eta, aukera duten umeek gurekin abestera. Batzuek publikotik egingo dute baina beste batzuek baita taula gainetik ere. Ilusioz ikusten dute saioa eta guk ere harrera ona sentitzen dugu berotasun horrekin.
Taula gainera igotzeko aukera izango dute soraluzetarrek?
Publikoak parte hartuko du karaoke osoan zehar. Saioa publikoari eskainia da baina publikoak du karaokea posible bihurtzen. Eszenatokian lehiaketa moduko bat ipiniko da martxan eta parte hartu beharko da irabazle bat ateratzeko. Ume batzuek izango dute abesti batzuetan oholtzara igotzeko parada.
Telesaileko abesti ezagunenak abestu eta dantzatzen dituzue karaokean; adibidez, zein ez da faltako Soraluzen?
Ez dira faltako Bueltan da edo Lagunak, spoiler handirik egin gabe.
Joanes-Ibaik zer da gustukoen duena Goazen Karaoketik?
Jendearekin nagoela, ez nagoela pantailaren beste aldean, zuzenean gaudela eta hor dagoen interakzioa, hori da gehien gustatzen zaidana; dantza oso gustuko dut; jendearekin ongi pasatzea, elkarrizketa, harreman hori da interesgarriena.
Eta Goazeneko esperientziatik?
Niri Goazenek eman didana lagun taldea da, familia handia, harreman asko, eta, ikasketa porfesionalaz eta pertsonalaz gain, euskaraz lan egiteko aukera aparta ere izan da. Baina, batez ere, bertan sortu den familia hori eta ingurukoak da eman didana.
6 urte zenituenetik eszenatoki gainean zabiltza; zein proiektu dituzu eskuartean epe motz-ertainera?
Joanes pailazo ikuskizunak egiten ibiltzen da, Pontx pailazoaren izenean. Pontxekin, azaroari begira ikuskizun berria estreinatzeko asmoa dago, azaroaren 18an izango da, Saran. Pontx opailazoa abentura berriekin etorriko da, eta, beste sorpresa batzuekin.
Agurtu aurretik, zer esango zenieke Soraluzeko zaleei?
Gu oso pozik gaudela Soraluzera etortzeaz, beraz, espero dugu haiek ere gurekin izango direla hitzorduan, dantzatzeko eta kantatzeko prest. Ongi pasatuko dutela seguru.