Gazteek ondo hartu zintuztez iazko biran?
Bai; bereziena hori izan zen. Kontzertuetan lehenago gaztea zen jendea izaten genuen, baina orain konturatu gara gazteek deskubritu dutela talde berri bat, Gozategi, eta, flipatzen gaude zelako harrera izaten ari den gure errepertorioa.
Errepertorio hori izango da Soraluzen?
Bai. Desberdina izango da, baina iazko errepertoriotik asko izango du. Gauzak ondo doazenean ez dira aldatu behar... Ilusioz gaude Soraluzera joateko.
Gozategirendako zergatik dira plazak horren garrantzitsuak?
Gu plazatik sartu ginelako eta umetako kulturak-eta plazan bermatzen dira, herria plazaren inguruan biltzen da; horretaz gaude harro. Generazio desberdinak batzen dira, pentsaera desberdineko jendea, baina denak euskal giro jator baten. Denak kalejiran ibiltzeak euskal nortasuna ematen dio gauri, euskal giroa. Gauza bat da kontzertu batera joan eta talde batekin gustura egotea eta beste bat da kalejiretan ibiltzea, aurreko filetan gaztetxeoak, atzerago gazteak, gero helduak eta atzean aiton-amonak; hori ikustea kristolakoa da.
Egunkariaren itxiera, Batasunaren ilegalizazioa, etorkinak… gai ugari landu izan dituzue; orain kantu bat eginez gero, zeri buruzkoa litzateke?
Politikoki edo sozialki beldur nagusia da ultraeskuina hartzen ari den indarra. Ez dut ulerzen nola egon daitekeen halako jendea. Era atsegin batean hori salatzea ez legoke gaizki.
1992tik hona zortzi disko, azkena 2018an. Gozategiren zaleek disko gehiago espero dezakete ala orain plazak izango dira zuen erreinu?
Orain disko bat atera beharko bagenu baditugu abestiak, baina ez dugu beharrik ikusten. Plazek eskatzen digutenari erantzuten nahikoa lan daukagu. Bakoitzak bere lanbidea du…
Soraluzen zeintzuk izango zarete taula gainean?
Asier Gozategi, Iñigo eta Imanol Goikoetxea Urdiaingoak, baterian, Mattin Arbelaitz lesakarra eta tronpetarekin bi oriotar Asier Sarasola eta Iñigo Perona. Taula gainean sei gara gehi teknikaria Asier Erzilla Igorrekoa eta Aitor Altzibar laguntzailea, Bilbokoa.